Giro ezin hobea nagusi Markina-Xemeingo inauterietan
Inauteriak ospatu zituzten atzo [otsailak 23] Markina-Xemeinen. Irudimena eta sormena ez ziren falta izan, eta era guztietako mozorrotuek hartu zituzten kaleak.
Musika doinuagaz hasi zituzten inauteriak atzo [otsailak 23] Markina-Xemeinen. Txistulariek eta txarangak jarri zuten festa giroa kalez kale, eta apurka-apurka agertzen hasi ziren mozorrotuak Zelai inguruetara. Eguerdirako jendez eta giro onez beterik zegoen herriko erdigunea. Era guztietako mozorrotuek hartu zituzten kaleak.
Irudimena eta sormena ez ziren falta izan. Arkupe aurrean gaztaina saltzaileak, nagusien eta ekologisten protestak batetik bestera, nagusien egoitzakoak aulki eta guzti, eta Erorien Haranetik bidalitako Franco eta haren jarraitzaileak hilkutxarekin leku berri baten bila. Horiez gain, beste hainbat mozorrotuen artean, munduko bizilagunek, Egipziarrak esate baterako, edota telebista edo filmetako protagonistek –The Avengers, Gru, Son Goku, Got Talent eta Eva Nasarre– eragin zituzten jendearen harridura eta barreak . Inauteri eguna otsailaren 23an izateak eduki zuen eragina, egunari lotutako mozorro asko egon ziren.
Zelaitik irtenda egin zuten mozorroen kalejira eguerdian alde zaharreko kaleetan zehar, eta frontoi aurreko kioskoan eman ziren sariak. Aukeraketa ez zela erraza izan aitortu zuten epaimahaiko kideek maila handia zegoela azpimarratuz, baina azken puntuak batuta, ondorengoan izan ziren saridunak:
GAZTETXOAK
Bakarka edo bikoteka:
-
Gaztaina saltzaileak
-
Moto GP
-
Unikornio
Taldeka:
-
Egipziarrak
-
Got Talent
-
Tanke militarra
-
Animalia originalak
-
Eva Nasarre
-
Son Goku
-
Zientzilari zoroak
NAGUSIAK
Bakarka edo bikoteka:
-
Veneziako inauteriak
-
Gru
-
Mari jaia
Taldeka:
-
Erorien Harana
-
Nagusien egoitzakoak
-
Ekologistak
-
Pentsionistak
-
The Avengers
-
Artaldea
-
Pez gozokiak
Taberna eta dendetako sariak, bestalde, Iku argazki dendak (1. saria), Lea ileapaindegiak (2. saria), Buztarri tabernak (1. saria) eta Sakris tabernak (2. saria) eraman zituzten.
Tradizioa. Inauterietako usadio zaharrek ere eduki zuten lekua atzoko jaian, apur bat berrituta gainera. Urtero bezala, Markina-Xemeingo Zerutxu Dantza Taldeak Zaragi-dantza eskaini zuen Markina-Xemeingo kaleetan zehar. Gizonezkoek bakarrik dantzatu izan dute urtero Markina-Xemeingo inauterietako ohiko dantza, baina aurten neskak ere batu dira dantzara.
Xemeindik ailegatu ziren txistulariak, dantzariak eta Hartza, eta neska mutilez osatutako adin ezberdinetako hiru taldeek Zelaiaren aurrean egin zuten lehen geldialdia. Alde zaharrera sartu ziren ondoren, eta Guen Kalean ere dantzan eginda, Zehar Kalean eta Arkupean batutakoen aurrera eraman zuten dantza ikuskizuna.
Hartzak, inauterietako pertsonaiak, ere egin zuen dantza, baina, beti bezala, zaintzaileari ihes egin eta inguruko jendea izutzen ibili zen.
XATek antolatuta, aurten ere herri bazkaria egin dute kiroldegian, eta arratsaldeko txarangaren kalejiraren ondoren, Jainaga eta Narbaizagaz erromeria egon zen Kontzekupean, iluntzean.