Martxoaren 7a arte izena eman ahal da Amorotoko Pala Txapelketan
Izena emateko 615 79 45 77 telefono zenbakira mezua bidali behar da WhatsApp bidez.
Amorotoko 31. Pala Txapelketa martxoaren 14an hasiko dute eta parte hartu gura dutenek izena eman dezakete dagoeneko. Horretarako 615 79 45 77 telefono zenbakira mezua bidali behar da WhatsApp bidez, eta martxoaren 7a (zapatua) da izena emateko azken eguna. Bikoteko 20 euro ordaindu behar dira.
Aurten ere lehen eta bigarren mailako partiduak lehiatuko dituzte. Denak 30 tantura izango dira eta gomazko pilotagaz jokatuko dituzte.
Partiduak eguazten eta bariku iluntzeetan, zapatu goiz eta arratsaldeetan eta domeka goizetan izango direla jakitera eman dute Amorotoko Pelotazaleak elkartekoek.
Aipatu moduan, izen emateko epea amaitu eta hurrengo astean hasiko dute txapelketa, eta izena ematen dutenen arabera antolatuko dute egutegia. Iaz, esaterako, zortzi bikote aritu ziren lehen mailan eta 11 bikote bigarren mailan. “Herrikoek eta inguruko herrietakoek parte hartu zuten: Aulesti, Ispaster, Ondarru… eta baita Eibarkoek ere”, azaldu dute antolatzaileek. Hala, aurten ere parte hartzera animatu dituzte herriko zein eskualdeko herritarrak.