Beteranoen Eskuz Binakako Txapelketaren finaletik pauso batera daude Berriatuko Gandiaga anaiak
Nagusitasunez irabazi zuten finalaurrekoetako joaneko partida. Bueltakoa martxoaren 15ean jokatuko dute.
Atzo [martxoak 1] jokatu zuten Lekeitioko trinketean finalaurrekoetako lehen kanporaketa Astigarraga eta Praderaren kontra, eta nagusitasunez irabazi zuten Gandiaga anaiek: 30 eta 9. Galtzaileak ez zuten joko txarra erakutsi, baina barikuan [otsailak 28] finalerdietarako sailkatzeko jokatu zuen berdinketa hauste partidak eragina eduki zuen.
Barikuan 30-23 irabazi zuten Astigarragak eta Praderak, Madariaga eta Urkiagaren kontrako lehia. Partida estu eta orekatua izan zen erdi aldera arte (5-0, 9-5, 12-15, 15-15, 26-23 eta 30-23), eta maila handia erakutsi zuten pilotariek.
Baina, berriatuarrak aurkari zailak izan ziren atzo. Abantaila handia hartu zuten hasieratik (14-4 eta 24-6), eta partidaren jaun eta jabe izan ziren. Iban Gandiagak pilotari abiadura handia emanda, errez pasatzen zuen Astigarraga, eta Pradera uneoro egon zen defendatzen eta ezinean. “Eñaut Gandiagak sakez, hainbat pilota lorean eraman, eta sarera botatzen zituen, edo Pradera entregatzera behartzen zuen, eta galtzaileak tantoa egiteko presaka hasi zirenean Berriatuko anaiek erakutsi zuten ez zeudela ezer oparitzeko”, azaldu dute txapelketaren antolatzaileek.
Finalaurrekoetako bueltako partida martxoaren 15ean jokatuko dute. Antolaketatik azaldu dutenez, datorren asteburuan [martxoak 7 eta 8], partaide gehienak Gartzaronera, txapelketa jokatzen ari den herrira, doaz, “bertako eskualdekoekin anai arteko torneoa jokatzera, ingurua ezagutu eta urteroko bisita egitera”.
Beste finalaurrekoa, berriz, Martin-Foster eta Beraza-Telleria bikoteen artekoa, martxoaren 12an jokatuko da lehenengo, eta martxoaren 15ean jokatuko da bai eta ere bueltakoa. Finala, ostera, martxoaren 29an jokatuko dute.