Koronabirusaren prebentzio neurriek Lea-Artibai eta Mutrikuko ikastetxeetan ere eragin dute
Momentuz, Italiara edo Bruselasera egin behar zituzten bidaia edo ikas bidaiak dira bertan behera utzi dituztenak, prebentzio legez.
Koronabirusaren prebentzio kanpaina dela eta, Erasmus+ programan parte hartzen duten ikastetxeek hainbat zailtasun eduki dituzte ikasleen praktikaldiak aurreikusitako datetan egiteko. Dena dela, Erasmus+ programan parte hartu edo ez, ikastetxeetatik atzerrira egitekoak ziren bestelako irteerak ere kolokan geratu dira, tartean ikasketa bidaiaren bat edo beste.
Lea-Artibai ikastetxean lanbide heziketako bederatzi ikasle dira praktikak atzerrian egin behar dituztenak. Zehaztu dutenez, Herbeheretan (Eindhoven), Polonian (Cracovia), Txekiar Errepublikan (Praga) eta Italian (Palermo eta Vicenza) egin behar dituzte hiru hilabeteko praktikak. “Palermora doan ikaslea domekan da joatekoa [martxoak 8], baina oraindik ez dakigu bidaia atzeratuko den edo ez, zalantza handiak daude. Baina Vicenzara joatekoa zen ikasleari praktikaldia bi aste atzeratu diote. Azkenean, baina, ikasle hori ez da joango, bestelako osasun arazoak eduki dituelako”.
Baina koronabirusaren krisiak bestelako irteerak egitera zihoazenei ere eragin die. Hala, Lea-Artibai ikastetxeko ikasle batzuk martitzen goizean [martxoak 3] ziren Bruselara joatekoak. Azkenean, baina, bidaia hori bertan behera utzi eta beste alternatiba batzuk aztertzen hasi dira. “Egin behar genuen irteera ez da derrigorrez egin behar. Beraz, egoera honen aurrean, beste alternatiba batzuk aztertzen ari gara, prebentzio modura”.
Lekeitioko Iturriotz institutuko ikasleak ere ikasketa bidaian Italiara joateko asmoa zuten martitzenean [martxoak 3]. Bada, bidaia hori ere bertan behera laga dute. Bestetik, Lekeitioko Lanbide Heziketako ikasleak Maltara joan ziren zapatuan [otsailak 29], ikasketak burutzera. HITZAk jakin ahal izan duenez, horiek euren plangintzagaz jarraitu dute.
Ikastetxe ezberdinetako arduradunek HITZAri esan diotenez, ez dute irteerak ez egiteko ohar ofizialik jaso, baina egoerak kezkatu egiten dituela esan dute. “Ez da bakarrik kanpora joan eta gu kutsatu egin gaitezkeela. Handik hona ere zer edo zer ekarri ahal dugula ere kontuan hartu behar da”.