Leire Etxaniz Emakume Master Cup txapelketaren finalerdietan egongo da
Atzo [martxoak 1] Pasai Antxoko pilotalekuan jokatu ziren pilota goxoko final laurdenak. Irantzu Etxebesteren laguntzagaz, Andrea Aldaregia eta Ane Urkizuri 18-8 irabazi zien Etxebarriko pilotariak.
Binakako Emakume Master Cup txapelketako zerrendaburuei iritsi zaie takoak jantzi eta kantxara irteteko garaia. Asteburu honetan bi jardunaldi jokatu dira, zapatuan [otsailak 29] Getarian, pilota mistoko final laurdenak eta atzo [martxoak 1], Pasai Antxoko pilotalekuan pilota goxokoak. Azken txapelketa horretan jokatzen hasi da Leire Etxaniz Bengoa Etxebarriko pilotaria, eta finalerdietarako txartela eskuratu du.
Hain zuzen ere, Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi, Irantzu Etxebeste-Leire Etxaniz eta Eneritz Arrieta-Amaia Jaka, Nagore eta Leire Galeano dira martxoaren 14an Elgoibarren jokatuko diren pilota goxoko Emakume Master Cup txapelketaren finalerdiak jokatuko dituzten bikoteak.
Leire Etxanizek, gaur egungo txapeldunak, sasoi onean dagoela erakutsi zuen atzo. Irantzu Etxebesteren laguntzagaz, Andrea Aldaregia eta Ane Urkizuri 18-8 irabazi zieten ia hiru ordu laurdeneko partida gogorrean. “Etxebarritarra oso seguru aritu zen partida guztian zehar, baina atzetik ere tantoak amaitzeko gaitasunarekin. Emaitzak bestelakorik eman dezakeen arren, tanto piloteatuak izan ziren, hori bai, gehienak gorrien aldekoak”, azaldu dute Emakume Master Cup txapelketaren antolatzaileek. Irantzu Etxebestek egindako partida ere nabarmendu dute. “Nafarra garapen handia ematen ari da Emakume Master Cup lehiatzen hasi zenetik”.
Bestalde, Eneritz Arrietak eta Amaia Jakak, euren aldetik, ez zuten ezelako arazorik izan Uxue Larrea eta Lierni Gartziarenaren aurka finalerdietarako txartela eskuratzeko, 18-1 irabazi zuten. Nagore eta Eider Galeano gazteek eskaileraren azpitik hasi zuten txapelketa, eta finalerdietan sartu dira, Ainhoa Ruiz de Infante eta Oihana Orbegozori 13-18 irabazita. Amaitzeko, Iera Agirre eta Maite Ruiz de Larramendi nafarrek 8-18 irabazi zieten Ane Arteaga eta Maider Mendizabal gipuzkoarrei.