Markina-Xemein eta Berriatuko bikoteek jokatuko dute EHko zesta-punta txapelketaren finala
Markina-Xemeingo Zesta Punta Taldeko Zelaia eta Atain eta Berriatuko Zesta Eskolako Antxon eta Lekue daude finaletan. Donostian eta Markina-Xemeinen jokatuko dira finaleko norgehiagokak.
Ligako faseko zazpi jardunaldiak jokatu ondoren, E.Hko kluben arteko zesta-punta txapelketaren finalaurrekoak jokatu dira asteburuan. Lea-Artibai eta Mutrikuko sei bikotek lehiatu dituzte finalaurrekoak, eta euretatik bi ailegatu dira finalera: Gazte mailan, Markina-Xemeingo Zesta Punta Taldeko Zelaia eta Atain eta nagusien Ohorezko mailan, Berriatuko Zesta Eskolako Antxon eta Lekue.
Zapatuan [otsailak 29] jokatu ziren partida horiek biak, gazte mailakoa Mutrikun eta nagusien Ohorezko mailakoa Lekeition. Mutrikuko Danok Bat zesta-punta taldeko Manex eta Alain izan zituzten aurkari Zelaiak eta Atainek. Partida lehiatua jokatu zuten, baina azkenean, 30-23 nagusitu ziren Markina-Xemeingo taldekoak. Horiez gain, Gernikako Euskal Jai Alai eta Donostia Jai Alai taldeetako gazteak ere aurkitu ziren aurrez aurre Miruaitzen. Donostiakoak 30-26 irabazi zuten, eta beraz, horiek izango dira finalean Markina-Xemeingo bikotearen aurkariak.
Ohi duten modura, maila handia erakutsi zuten Antxonek eta Lekuek Lekeitioko finalaurrekoan. 30-22 irabazi zioten Luzean klubeko bikoteari. Bigarren norgehiagoka, berriz, Kostakoak eta Markina-Xemeingo Arbe eta Mandiolaren artekoa izan zen. Bost tantoko aldeagaz (30-25) txapelketatik kanpo geratu ziren Markina-Xemeingoak, eta Kostakoak klubeko bikotea izango du aurkari Berriatuko bikoteak.
Kadete eta nagusien mailetako finalaurrekoak domekan [martxoak 1] jokatu ziren Zumaian eta Berriatuan. Berriatuko taldeko bikote bana ailegatu ziren maila horietako finalaurrekoetara. Zumaian erabaki ziren finalaurrekoetan egon ziren Arrasate eta Patxi, baina ez zuten garaipenik lortzerik izan, 30-17 galdu zuten Zumaia Aren kontra. Zumaia A izan zuten aurkari Berriatuko Unaxek eta Jonek nagusien mailan ere. Horretan ere, Berriatukoek ez zuten aurrera egin. 25-30 galdu zuten.
Kadete eta gazte mailako finalak zapatuan [martxoak 7] jokatuko dira, 11:30ean, Donostian. Nagusien eta Ohorezko mailetakoak, berriz, barikuan [martxoak 6], 19:00etan, Markina-Xemeinen. Hurrengoak izango dira finalak:
- Kadeteak: Luzean-Zumaia A
- Gazteak: Markina A-Donostia Jai Alai
- Nagusiak: Zumaia A-Olharroa
- Ohorezko maila: Berriatua-Kostakoak