Ekonomia sustapenerako proiektu estrategikoa aurkeztu du aldundiak Lea-Artibai Berrikuntza Gunean
Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatuak, Joseba Mariezkurrena Ekintzailetza eta Enpresen Lehiakortasuna Bultzatzeko Zuzendari Nagusiak, eta Cristina Mugika Lurralde Lehiakortasuna eta Turismoa Bultzatzeko Zuzendari Nagusiak parte hartu dute jardunaldian.
Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen Saileko ordezkariek 2019-2023 ekonomia sustapenerako proiektu estrategikoaren aurkezpena egin dute Markina-Xemeinen dagoen Lea-Artibai Berrikuntza Gunean. Azaro Fundazioak, Leartibai Garapen Agentzia-Behargintzak, Leartikerrek eta Lea Artibai Ikastetxeak antolatutako jardunaldian Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatuak, Joseba Mariezkurrena Ekintzailetza eta Enpresen Lehiakortasuna Bultzatzeko Zuzendari Nagusiak, eta Cristina Mugika Lurralde Lehiakortasuna eta Turismoa Bultzatzeko Zuzendari Nagusiak parte hartu dute. Ekitaldian egon dira bai eta ere Lea-Artibai eskualdeko hamabi herrietako alkateak eta enpresetako ordezkariak.
Ekonomia Sustapen Sailaren lanaz eta Lea-Artibai eskualdearen garapen ekonomikoaz jardun du Basurkok ekitaldian. Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako bataz bestekoarekin alderatuta eskualdeko langabezi tasa baxua dela azpimarratu du alde batetik, eta emakumeen enpleguaren iragankortasuna eta zahartze indizea ere handiagoak direla azaldu du bestetik. Datu baikorrekin jarraituz, Lanbide Heziketako formakuntza Bizkaiko bataz bestekoaren gainetik dagoela gaineratu du.
Eskualdeak industri sektore indartsua duela ere azpimarratu du Ekonomia Sustatzeko Foru Diputatuak. Energia sektoreek, lehen sektorearekin batera, pisu handia dutela baieztatu du, eta horren adierazle modura jarri ditu Ekonomia Sustapen Sailak eskualdean eman dituen laguntzen datuak. Esan duenez, 2015-2019 bitartean pilatutako diru laguntzen %70a Lea-Artibaiko manufaktura-industriara zuzendu zen eta 2i eta Kudeabide programen onuradunen %70a Lea-Artibaiko proiektuak izan ziren.
Lankidetza. Leartiker Zentro Teknologikoari aipamen berezia egin dio Basurkok. Azaldu duenez, aldundiak lankidetza hitzarmen bat dauka Leartikerregaz foku anitzeko teknologia zentro bihurtu eta maila goreneko zentro teknologikoen sarean sartzeko. “Ez da denbora askorik beharko hau lortzeko. Leartiker bezalako zentro teknologiko bat eskualdean izatea harro egoteko modukoa da” adierazi du.
Beste hainbat gairen inguruan ere aritu da Basurko, baina aldundiak tokian tokiko ereduak bultzatzeko egiten duen apustua nabarmendu du batez ere. “Eskualdearen motorra direla kontuan hartuta, enpresak laguntzen baditugu, azkenengo adierazleak hobetuko ditugu: langabezia, enpresa-ehuna, zerbitzu sozialak… eta ondorioz, bizi kalitatea”. Eskualdeen arteko elkarlana aipatu arren, batez ere eskualdeko eragile ezberdinen arteko lankidetzaren aldeko apustua egin du, enpresa, erakunde eta udalen artekoa.
Jardunaldiaren bigarren zatian Isabel Mendiguren Lea Artibai Ikastetxeko Zuzendariak Lea-Artibai 2020 proiektu estrategikoaren berri eman die aldundiko ordezkariei, eta Leartikerren aurkezpena egin dute. Leartikerrek azken urteetan izandako hazkundea azaldu du Amaia Egia Leartiker Zentro Teknologikoko zuzendariak. “Gaur egun 41 pertsonak osatzen dugu Leartikerren lantaldea, baina epe laburrean 50 pertsona izatea aurreikusten dugu. Horietatik zazpi doktoreak dira eta hiru tesia garatzen daude momentu honetan, eta hamabost doktore izatera iritsiko gara 2020-2025 epealdirako”.
Zuzendariak jakitera eman duenez, Europa mailako hamabi proiektutan parte hartzen ari da Leartiker eta Q1 mailako bost zientzia-artikulu argitaratzeko helburua jarri dute. “Negozio-bolumena 3,2 miloi eurotakoa da eta hurrengo bost urteetara begira garatu dugun plan estrategikoari dagokionez, helburuen artean garrantzitsuena Foku anitzeko teknologia zentroa bihurtzea eta BRTAren parte izatea da”. Zentro teknologikoa ezagutzeko bisitarekin amaitu dute jardunaldia.