Euskadiko Txapelketan Sarai Larrinaga etxebarritarrak urrezko domina lortu du pisu jaurtiketan
Sara Asenjo ere pisu jaurtiketaren podiumean sartu da; aulestiarrak brontzezko domina irabazi du. Bestalde, Izaro Aranburu aulestiarrak zilarra lortu du 1.500 metroko proban.
Durango Kirol Taldean dauden Lea-Artibaiko atleten lanak saria eduki du Donostiako Belodromoan lehiatu duten pista estaliko Euskadiko Txapelketan. 16, 18 eta 20 urtez azpikotako atletek lehiatu dute aipatu txapelketa.
18 urtez azpikoen kategorian aritu ziren eskualdeko ordezkariak. Pisu jaurtiketan, Sarai Larrinaga Lejardi etxebarritarra eta Sara Asenjo Arrien aulestiarra sartu ziren podiumean. Oso marka ona eginda (13,40 m), Etxebarriakoak urrea lortu zuen eta Aulestikoak brontzea. Real Sociedad taldeko Eitza Arriaran Elizalderentzat izan zen zilarra.
1.500 metroko proban, Izaro Aranburu Rementeria aulestiarrak zilarrezko domina lortu zuen. Tolosa CFko Ibone Ezeizabarrena Muñagorri nagusitu zen eta Barrutia AEko Maria Ortiz de Pinedo Arrieta sailkatu zen hirugarren.
Bestalde, Durango KTko Urtza Agirre ondarrutarrak eta Izaro Egibar bermeotarrak 800 metrokoa egin zuten.
Asteburu honetan 18 urtez azpikoen Espainiako Txapelketa jokatuko dute Valentzian, eta Larrinaga eta Asenjo pisu jaurtiketan, Agirrek 800 metrotan eta Egibar 1.500 metrotan ariko dira.
Orkatz Beitia Durango KTko entrenatzaile ondarrutarraren berbetan, esperientziaz ikastea da garrantzitsuena: “Ea esperientzia polit bat edukitzen duten. Ikasi egin behar dute. Adin horietan horixe da inportanteena. Gaztetxoak direnez, urduri jartzen dira eta espero dugu lasai hartu eta ondo pasatzeko gai izatea”. Podiumeko lehian sartzeko aukera gehien Larrinagak dituela aitatu du: “Rankingean laugarren doa. Besteek baino aukera gehiago ditu finalean sartu edo medailetatik gertu egoteko. Gainera, esperientzia gehiago dauka; aurreko urteetan ere joan izan da Espainiako Txapelketara. Apurka-apurka ikasten doa, eta gero eta hobeto”.