Haize ufada handiek kalteak eragin dituzte Lea-Artibain
Aulestitik Munitibarrerako bidean eta Aulestiko Zubero auzoan hainbat pinu jausi dira. Errepideak moztuta egon dira.
Alerta laranjan gaude haize ufada handiengatik, batez ere kostaldean eta kostaldetik gertu. Eta haize ufada handi horien eraginak hasi dira igartzen Lea-Artibain. Aulestin, Ziortza-Bolibarren eta inguruko herrietan, esaterako, hainbat pinu jausi dira; Aulestitik Munitibarrerako bidean, Inglesaneko bihurgunea deitzen dioten tartean, errepidera erori dira pinuak, eta, ondorioz, errepidea itxita egon da ordu bat eta erdian. Aulestiko Zubero auzoan erori dira pinuak. Herritarrek HITZAri jakin eragin diotenez, harrapatuta zeuden gidariak atzera bidali dituzte, “egoera arriskutsua zelako”.
Markina-Xemeingo Larruskain auzora joateko bidean ere hainbat zuhaitz erori dira, eta suhiltzaileak bertaratu dira, zuhaitzak mozteko.
Argia ere joan eta etorri ibili da Lea-Artibain eta Mutrikuko herriguneetan. Horrez gain, kostaldeko pasealekuak ere itxita daude, olatu handiengatik. Lekeition, esaterako, Uribarren, Abaroa eta Usotegi parkeak itxi ditu udalak, 12:00etatik 18:00etara.
Ondarroako Udalak ere badaezpadako neurriak hartu ditu; Zaldupe udal kiroldegiko kantxa itxita egongo da arratsaldean. “Udalak espazio hori ixtea erabaki du erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko”, esan dute.