Lekeitioko Udalak indarkeria matxistaren aurkako bideoa kaleratu du
Lekeition ere horrelako kasuak daudela ezagutzera emanez, zineman eta udaleko sareetan zabalduko den spot bat sortu dute. 19 emakumek salatu zituzten indarkeria kasiak iaz.
2019ko datuak eskuan hartuta, Lekeitioko Udalak indarkeria matxistaren aurkako kanpaina hasi du, “errealitate horren berri eman eta arazo larri horretaz kontzientziatzeko”. Ertzaintzak, Arreta Psikologikoak, Osakidetzak eta Arreta Juridikoak emandako datuen arabera iaz 19 emakumek jasan zuten emakumeen aurkako indarkeria Lekeition. Horien artean gainera, adin txikiko 3 neska daudela jakitera eman dute. “Arazoaren larritasuna agerian geratzen da kontutan hartzen badugu salatu ez diren gertakariak ere egon daitezkeela”, gaineratu dute.
Hori dela eta, zineman eta udaleko sareetan zabalduko den spot bat sortu dute mezu argi bategaz: indarkeria matxistaren kasuak Lekeition ere ematen dira, eta hauen aurrean jarrera aktiboa izan behar da, gizarte honek bizi duen gaitz hau salatuz eta biktimak babestuz. “Indarkeria matxista, fisikoa, psikologikoa zein sexuala, egungo gizarteak bizi duen gaitz larria da, emakumea izateagatik gertatzen dena. Urrutiko gaia dela uste dugu askotan baina gure senide, lagun, ezagunak, hurbilekoek ere jasaten dute”.
Azpimarratu dutenez, indarkeria matxista ez da soilik indarkeria pairatzen duten emakume eta nesken arazo pribatua. “Guztion ardura da horren aurrean jarrera aktiboa izatea eta onartezinak diren jarrerak salatzea”.