Manifestazioa egingo dute berriro Markina-Xemeinen, Zaldibarko auziaren harira
'Zaldibar argitu orain!' lelopean manifestazioa deitu dute Zaldibar argitu plataforma herritarrak, eragile eta senideekin batera.
30 egun beteko dira Zaldibarko zabortegian lur-jausia gertatu eta langile bi –Alberto Sololuze Markina-Xemeingo bizilaguna eta Joaquin Beltran Zallakoa– desagertu zirenetik. Hori salatzeko, beste behin, kalera irtengo dira Markina-Xemeingo herritarrak. Zaldibar argitu orain! lelopean manifestazioa deitu dute Zaldibar argitu plataforma herritarrak, eragile eta senideekin batera. Mobilizazioak 18:30ean ekingo dio bideari Goiko Portaleko iturritik. Azken manifestazioa otsailaren 20an egin zuten.
Lanak. Zaldibarko zabortegiko bilaketa lanek aurrera jarraitzen dute. Segurtsun Sailak jakinarazi duenez, sartzeko pista berri bat irekitzeko lanak egingo dira, B1-3 bilaketa-eremuan materiala kendu eta bahetzeko, gehienez ere astebeteko epean egingo dira lan horiek.
Halaber, aste honetan Interbiakekin koordinazio-lanetan hastea espero dute, B3 bilaketa-eremutik materiala atera ahal izateko.
Aldi berean, egonkortzeko eremuan aurrera pausuak ematen ari dira; makineria berria sartu dute eta hondakinak aldi baterako metatzeko espazio bat egokitu dute B4 bilaketa-eremuan.
Obran egindako aurrerapen horien ondorioz, beste miaketa-pala espezifiko bat egiteko erabakia hartu dute, B-4 eremuan erabiltzen ari dena bezalakoa.
Zabortegiaren goialdeko gainazalean errekuntza-fokuren bat berriro aktibatzeko aukerari dagokionez, suhiltzaile-talde finko bat dagoela bertan aipatu dute, «ur-putzu iraunkor batekin eta lursailean aparra aplikatzeko aukerarekin, egoera kontrolpean mantentzeko».
Segurtasun deposituak. Bestalde, ingurumenak bi segurtasun depositu eraikitzea onartu du premiazko lanetan erretiratutako hondakinak biltzeko. Berehala eraikiko diren bi gelaxkak zabortegiaren ondoko lurretan kokatuko dituzte, «ingurumenean kalteak eta hondakin horien garraioan arriskuak murrizteko». Lur horien zati baten jabea Verter Recycling enpresa da, eta beste zatiak jabe bat baino gehiago ditu. «Zabortegiko erreskate eta egonkortze lanetan erretiratutako hondakinen 300.000 metro kubiko jasoko dira bertan, eta, ondoren, zigilatu egingo dira», azaldu dute.