Colindreseko 'Bustillo Donosti'-k lehorreratu ditu Ondarroan antxoa kosterako lehen aleak
Guztira 2.000 kaxa antxoa inguru porturatu dituzte. Tamaina txikiko eta nahasteko arraina izan bada ere, "polito" saldu da bentan; 4,33 eurotan saldu dute sortarik garestiena eta 2,18 eurotan merkeena.
Itsaso nahikoa txarra badago ere, baxurako arrantzale tradizionalak hasi dira kosterako lehen antxoa aleak porturatzen. Atzo [martxoak 3] denboraldiko lehen antxoa aleak lehorreratu zituzten Getarian eta Laredon (Kantabria, Espainia), eta gaur [martxoak 4], berriz, Ondarroako portuaren txanda izan da. Antxoa porturatzen lehenak Colindreseko Bustillo Donosti ontziko marinelak izan dira.
Kalare Deuna kofradiako arduradunek 08:00etan jo dituzte antxoa iragartzen duten hiru turrunak, eta ontzia 08:40ean porturatu denerako Egidazu Kaia bizi-bizi zegoen. Arrantzaleen, erosleen eta hainbat begiluzeren joan-etorria handia izan da.
Kantabriako arrantzaleek 120 bat kaxa antxoa deskargatu dituzte. Kofradiak emandako datuen arabera, nahikoa arrain gaztea lehorreratu dute, kiloan 65-70 garau ingurukoa, baina prezio nahikoa onean saldu da bentan: kiloa 4,20 eta 3,60 euro artean ordaindu dute antxoa gosez zeuden erosleek. “Antxoa oso txikia izan da, eta prezio hori ez dago gaizki; merkeago salduko genuela uste genuen”, jakitera eman du Juan Bautista Brigido Solana ontziko koipeztatzaileak.
Atzo [martxoak 3] goizean itsasoratu ziren Colindresetik, eta marinelek adierazi dutenez bi tokitan ibili dira arrantzan. “Atzo gauean Getaria parean ibili ginen, eta han antxoa kilo gutxi batzuk arrantzatu genituen. Egunsenti parean, bestalde, Bermeoko badia parean arrantzatu dugu gainontzeko antxoa gehiena”. Aurten antxoa lehorreratzen lehenak izatea pozgarria dela azpimarratu du Brigidok. “Normalean ere lehenbizikoen artean porturatzen gara, eta aurtengoan ohore hori guretzat izan da”.
Antxoaz gain, 600 kaxa sardina ere lehorreratu dituzte. Kiloa 1,30 eurotan saldu dute. Iragarri dutenez, iluntzean berriro itsasoratuko dira, eta bihar [martxoak 5] goizean ere Ondarroara bueltatzeko asmoa agertu dute.
Kanpainako lehen antxoa, oro har, nahikoa txikia izan da; kiloan 60-65 ale ingurukoa. “Sortaren bat edo beste 50 ale ingurukoa ere porturatu dute. Orokorrean antxoa txikia eta nahastekoa eduki dugu, sardinagaz zer edo zer nahastuta etorri da. Bermeo parean, Matxitxako lurmuturretik gertu, arrantzatu dute gaurkoan antxoa, ia egunsentia egiten ari zela botatako sarekadetan”, azaldu dute Kofradiako arduradunek.
Tamaina txikiko eta nahasteko arraina izateko “nahikoa prezio politean” ordaindu dute arraina bentan. “Denboraldiko lehen antxoa izateko polito ordaindu da”. 4,33 eurotan saldu dute sortarik garestiena eta 2,18 eurotan merkeena.
Lehorreratutako kopurua ez da ezer apartekoa izan. Ontzi bakoitzak nahikoa antxoa gutxi porturatu du. Guztira, 2.000 kaxa inguru lehorreratu dituzte; 15.000 kilo inguru. “Bateren bateren batek 400 kaxa ere lehorreratu ditu, baina gehienek 100 eta 200 kaxa artean lehorreratu dituzte, tankera horretan. Arrantzaleek antxoa saltzea erabaki dute, eta sardina tartean antxoa ikusi dutenean bereizten ibili behar izan dira”.
Antxoa kosterako lehen garauez ez eze, sardina kaxez ere bete da gaur kofradia aurrea. Izan ere, arrantzaleek porturatu duten arrantzuaren zati handiena sardina izan da. Kofradiako iturriek jakitera eman dutenez, sardina ere nahastean etorri da, tamaina handikoa parrotxagaz nahastuta.