Profesionaletara jauzi egingo du Endika Uriondo pilotari gizaburuagarrak
Apirilaren 26an egingo du debuta Baiko Pilota enpresaren elastikoa soinean, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.
Endika Uriondo Zabala Gizaburuagako 23 urteko pilotariak Baiko Pilota enpresagaz emango du profesional mailarako jauzia. Eskupilota enpresa ezagunak eta Uriondok atzo [martxoak 3] iluntzean sinatu zuten bi urterako kontratua, Bilbon. Enpresak jakitera eman duenaren arabera, apirilaren 26an egingo du debuta, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.
Uriondok aurretik ere oso harreman ona eduki du Baiko Pilotagaz. Izan ere, urtebete inguruko aurrekontratua eduki du. “Ilusioz gainezka agertu da Baiko Pilotaren proiektuagaz bat egin duelako, eta bere etapa pilotari profesional modura hasteko gogoz dago. Ongi etorri!”, agertu du enpresak kaleratutako oharrean.
Lea-Ibarra Motrollo Pelota Elkartean hezitako atzelariak sekulako maila polita erakutsi du azken urteotan. Afizionatuen mailan palmares bikaina du: 2018an, esaterako, Bankoa torneoa-Diario Vasco 2018 txapelketa irabazi zuen; 2019an, berriz, Lezama torneoa, Urduliz torneoa, Euskal- Herri elite txapelketa eta Lezoko torneoan nagusitu da. 2020a ere garaipenez beteta hasi du: besteak beste, Elgoibarko torneoa eta Lezamako torneoa irabazi ditu azken asteotan.