Sormena lantzeko tailerra emango dute Berriatuan
3 urtetik aurrerakoentzat egingo dute martxoaren 14an. Baina martxoaren 10a da izena emateko azken eguna.
3 urtetik aurrerakoei zuzenduta, Koloro sormen lantegia egingo dute martxoaren 14an [zapatua], Berriatuko Kultur Etxean, 11:00etatik 12:30era. Parte hartzeko, baina, udaletxean edo udala@berriatua.org helbide elektronikora idatzita aurretiaz izena ematea beharrezkoa da. Martxoaren 10a [martitzena] da izena emateko azken eguna. Espazioak baldintzatzen dituenez, 20 bat partaideko muga ezarri dute.
Sormen Lantegikoak lehenengoz ariko dira Berriatuan, eta pinturan oinarritutako tailerra izango da. “Betiko baliabideetatik at beste baliabide batzuk sortzeko era batzuk aurrera eroatea bilatzen dugu. Esaterako, beti pintzelekin margotzen dugu, baina gu betiko formatoetatik, eskaletatik eta euskarrietatik aldentzen gara”, azaldu du Nerea Unanua Sormen Lantegiko kideak. Sortzeko era desberdinak daudela deritzote eta hori ikusarazten dute.
Sormen Lantegiko Unanuak eta Jone Goikoetxeak emango dute tailerra eta parte hartzaileek beldurrik gabe sortzen arituko direnez, pinturekin zikinduko direla-eta, arropa aproposa eroateko gomendatu dute. “Josalagaz harreman bat egitea gustatzen zaigu. Jolasa bizitzan oso inportantea da eta sormenagaz harreman handia dauka. Horregatik, jolasa sormenagaz uztartzea gustatzen zaigu”.
Bakarka gauzak lantzen badituzte ere, denen artean zerbait sortzen saiatzen direla zehaztu dute. “Gauza da ez izatea bakoitzak sortzen duena; kolektibotasunari garrantzia ematea da kontua”. Gainera, adin desberdinetakoak batera egotea oso aberasgarria dela azpimarratu du Unanuak: “Elkar laguntzen dute eta euren artean sortzen diren harremanak eta dinamikak oso aberasgarriak dira”.
Sormenak beste alorrak besteko garrantzia daukala nabarmendu dute: “Batez ere gizartea ulertzeko eta gizartean gu adierazteko bide bat da. Lengoaia asko dakizkigu, baina sormenaren bitartez beste lengoaia asko garatu genitzake, eta horietan erosoago sentitu gintezke. Batzuk hor daudela ere ez dakigu. Eta horiek garatzea oso inportantea da”.