Udalerri euskaldunetako gazteen topaketak Zumaian hasi eta Lekeition amaituko dira
Ekainaren 29tik uztailaren 5era egingo dira aurten udalerri euskaldunetako gazteen topaketak. Martxoaren 31ra arte izena eman daiteke; 50 lagunentzako lekua egongo da.
Uemak antolatuta, ekainaren 29tik uztailaren 5era egingo dira aurten udalerri euskaldunetako gazteen topaketak. Ekimena “gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eragile aktibo bihurtzeko” helburua dauka, eta Eusko Jaurlaritzaren babesagaz eta Zumaia, Deba, Lekeitio eta Ondarroako udalen laguntzagaz antolatu dituzte. 50 lagunentzako lekua egongo da da, eta martxoaren 31ra arte izena eman daiteke.
Euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua sortu zuen UEMAk duela lau urte, eta azken ikasturteetan Uemako herrietako ikastetxe guztietan aritu dira lanean Uemako teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.
Iaz, lehen aldiz, ibiltaria izan zen ekimena, eta 60 gaztek parte hartu zuten. Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua, “euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko”. Aisialdiagaz eta euskal kulturagaz lotutako “egitarau erakargarria” prestatuko dutela aurreratu dute. Eta, hain zuzen ere, aurtengo berrikutzetako bat da udalek egitaraua osatzeko ekarpenak egin ahalko dituztela; gazteentzat erakargarriak izango diren ekimenak lotuko dituztela aurreratu dute udal ordezkariek gaur [martxoak 4] Zumaian egin duten aurkezpenean.
Agerraldian ondokoek parte hartu dute: Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordea, Iraitz Lazkano Uemako lehendakaria, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea, Maddi Aldalur Zumaiako Euskara eta Hezkuntza zinegotzia, Ainize Alzibar Lekeitioko Euskara eta Hezkuntza zinegotzia, Eneritz Basurko Ondarroako alkateordea eta Euskara eta Hezkuntza zinegotzia, Arantza Egaña Itziarko auzo alkatea eta eta Aritz Larrañaga Debako Euskara zinegotzia.
Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak nabarmendu duenez, egundoko garrantzia dute udalerri euskaldunek eta arnasguneek, bertako herritarrek euskararen biziberritzean jokatzen duten paper garrantzitsuagatik. Horregatik, herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko Uema egiten ari den ahalegina eta abian dituen ekimenak goraipatu ondoren, Eusko Jaurlaritzarentzat Uemarekiko elkarlana estrategikoa dela nabarmendu du.
UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok adierazi duenez, Uemarentzat udalerri euskaldunetako herritarrak kontzientziatzea eta sentsibilizatzea ildo nagusietako bat da, “inertziatik kontzientziarako saltoa eman dezaten”.
Zumaiako eta Lekeitioko euskara zinegotziek, hurrenez hurren, udaletan euskara zerbitzuetatik egiten ari diren lana gogoratu dute. Eta Uemak antolatutako topaketak lan horiekin erabat uztargarriak eta osagarriak direnez, topaketak beraien herrietan hasteko eta bukatzeko eskaintza gustura jaso dutela adierazi dute.