Alberto eta Joaquin aurkitu arte mobilizatzen jarraituko dute Markina-Xemeinen
Hilabete igaro da Markina-Xemeingo bizilaguna eta Zallakoa Zaldibarko zabortegiko lur jausiaren azpian desagertu zirenetik, eta manifestazioa egin dute Markina-Xemeinen egoera salatzeko.
Orain dela hilabete desagertu ziren Zaldibarko zabortegiaren lur jausian Alberto Sololuze Markina-Xemeingo bizilaguna eta Joaquin Beltran Zallakoa, eta oraindik ez dago euren berririk. Hori dela eta, berriro ere kalera atera dira gaur [martxoak 5], Markina-Xemeinen, familiei babesa helarazi eta hondamendiaren arrazoiak eta ondorioak argitzea exijitzeko.
Zaldibar argitu orain! lelopean zeharkatu ditu kaleak Zaldibar argitu plataforma herritarrak, eragile eta senideekin batera antolatutako manifestazioak. Ez da azkena izango. Zaldibar argitu arte mugitzen jarraituko dutela baieztatu dute, «Alberto eta Joaquin aurkitu arte». Horretarako, hurrengo asteetarako, ekimen iraunkor bat diseinatzen ari direla jakitera eman dute, eta Markina-Xemein eta eskualdeko herritar guztiak egingo diren ekimenetan parte hartzera deitu dituzte.
«Hilabete pasatu da lotsaren zabortegiko zaborrak Alberto eta Joaquin irentsi zituenetik eta batzuen zabor lotsak agerian gelditu zirenetik. Denbora askotxo samina jasaten duten senideentzako, denbora asko bai eta ere, egia moldatu eta errealitatea eraldatu nahi duten arduradunek euren aurpegiak estaltzeko», adierazi dute gaur, hondamendiaren aurrean agintari eta arduradunek emandako erantzuna salatuz.
Agintariak Alberto eta Joaquin aurkitzeko “benetako esfortzuak egin beharrean” kezkatuago daudela esan dute harrizko zutabea jasotzen A8 zabalik edukitzeko edo zabortegiko hondamendiak euren hauteskunde kanpainan ahalik eta eragin gutxiago eduki dezan. “Lotsagarriak dira erreskate lanetan eta egonkortze lanetan dabiltzan langileen prebentzio neurriak. Nora daude begira agintari politiko eta enpresa arduradunak?», galdetu dute.
Jakiteko eskubidea. Beste behin ere, lur azpian dauden langileak aurkitzea lehentasuna izan behar dela azpimarratu dute herritarrek, eta zabortegian lanean ari diren beharginen segurtasuna bermatuta egotea ezinbestekotzat jo dute. «Zabortegian dauden zabor kimikoen eta kutsadura sortu dezaketen materialen berri izateko eskubidea daukagu, bai jendarteak eta baita bertan inguruan bizi diren herritarrek, behar diren neurriak hartzeko».
Eta arduradunei, bai politiko zein enpresakoei, aurpegia ematea eskatu diete. «Hondamendi hau eredu baten porrotaren isla izan da. Azpiegitura publikoak, mesedeen truke eta inongo jarraipenik eta inongo araurik barik, laguntxoen azpiegitura pribatu bihurtzen dituen ereduaren isla».