Martxoaren 17an aurkeztuko dute bigarren Euskaraldia Ondarroan
Martxoaren 17ko aurkezpena bigarren Euskaraldiaren abiapuntu formala izango da. Herritarrez gain, herriko talde eta elkarte desberdinetako ordezkariei ere luzatu diete gonbitea.
Euskaraldiaren Ondarroako lantaldea hasita dago bigarren Euskaraldia egoki antolatzeko lanetan. Aurkezpena martxoaren 17rako iragarri dute. Ekitaldia 19:00etan hasiko da Kofradia Zaharrean, eta azaldu dutenez, aurkezpen ekitaldia bigarren Euskaraldiaren abiapuntu formala izango da. “Aurreko Euskaraldiak oso erantzun ona jaso zuen Ondarroan, eta oraingo honetan ere beste horrenbeste lortzeko ahaleginetan ari da lantaldea”.
Bigarren Euskaraldian protagonismo berezia edukiko dute herriko elkarte eta taldeetan dabiltzan herritarrek. Hori dela eta, herritarrez gain, Ondarroako talde eta elkarte desberdinetako ordezkariei ere luzatu diete aurkezpenerako deia. Arantza Atxurra Aranguren Euskara zinegotziak gonbidapena herritar guztiei eta kolektibo guztiei luzatu die. “Norbanakoak zein talderen batean edo elkarteren batean parte hartzen duzuen guztiok gonbidatuta zaudete aurkezpenera. Ondarroak erreferente izaten jarraitu behar du euskararen erabileran, eta hori denon esku dago”.
Aurreratu dutenez, aurkezpen ekitaldiak bi zati edukiko ditu: lehendabizi, lehen Euskaraldiaren emaitzak azalduko dituzte; ostean, 2020ko Euskaraldiaren aurkezpena egiteari ekingo diote. “Noiz egingo den, zer berrikuntza dakarren, zergatik den garrantzitsua herriko elkarteek eta taldeek parte hartzea, eta zer egin dezakegun elkarte edo talde moduan eztabaidatuko dugu”.
Gaineratu dutenez, azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den bigarren Euskaraldiak ere formatu beretsua edukiko du. Bi oinarri edukiko ditu. Alde batetik, AhoBiziak eta BelarriPrestak egongo dira, lehen Euskaraldian modura. Bigarren oinarria, ostera, erakunde publiko, enpresa, saltoki, elkarte, talde eta gizarte eragileak izango dira. “Bigarren Euskaraldiaren helburua aipatutako subjektu horiek Euskaraldian murgildu eta euskaraz aritzeko espazio bilakatzea da, Arigune paperean”.