Ondarroan lehiatuko dute Bizkaiko Batel Ligaren 4. jardunaldia
Eguraldiaren arabera, baliteke bertan behera geratzea. 95 batel daude izena emanda.
Bizkaiko Batel Ligaren 4. jardunaldia Ondarroan lehiatuko dute zapatu arratsaldean [martxoak 7]. Hala ere, eguraldiak baldintzatutako estropada da, eta Eusko Jaurlaritzaren erabakiaren zain daude. Eskola Kiroleko jardunaldiak bertan behera uzten badituzte, batel jardunaldia ere ez dela egingo adierazi dute. “Izan ere, alebinak eta infantilak Eskola Kirolaren barruan sartzen dira”, zehaztu du Koldo Azpiazu Ondarroa Arraun Elkartearen ordezkariak. Kirol jarduerak baimendu, baina eguraldia lagun ez badute estropada eremua moldatuko dute: “Gure ardura nagusia eguraldia da; eguraldi txarra dago iragarrita. Jaurlaritzak Eskola Kirola baimentzen badu, baina eguraldi txarra badugu, ibilbidea moldatzea aurreikusita daukagu; badugu alternatiba bat”.
Erlojupeko proba da Ondarroakoa. Ziaboga bakarra edukiko dute; kimuak 500 m, txiki mailakoak 1.000 m, kadeteak 1.500m eta gazteak 2.000mko eremuak ariko dira. Izan ere, seniorrek ez dituzte ligako erlojupekoak lehiatzen; eurentzat ez dira puntuagarriak.
Bizkaiko Arraun Federaziotik jakinarazi dutenez, 95 batel daude izena emanda: hemeretzi kimuetan, 28 txikietan, 32 kadeteetan eta 16 gazteetan. Etxeko arraun taldeak ordezkaritza zabala edukiko du: 21 batel. Zazpi izango dira kimu mailakoak (lau neskenak eta hiru mutilenak), bost txiki mailakoak ( hiru mutilenak eta bi neskenak) eta bederatzi kadeteenak ( sei neskenak eta hiru mutilenak). Isuntzatik, ostera, hamabi taldek parte hartuko dute. Kimuetan nesken bi batel eta mutilen bat ariko dira, txiki mailan bost izango dira, mutilen hiru eta nesken bi eta kadeteetan bana.