Antxonek eta Lekuek EHko txapela jantzi dute
Berriatuko Zesta Eskolako pilotariak Ohorezko mailan izan dira nagusi. Tanto bakarragatik azpitxapeldun geratu da gazte mailan Markina-Xemeingo Zesta-Punta Taldeko bikotea.
EHko kluben arteko zesta-punta txapelketaren finalak jokatu dira asteburuan, eta txapelagaz itzuli dira etxera Berriatuko Zesta-Punta Taldeko Antxon eta Lekue. Markina-Xemeinen jokatu zuten finala barikuan [martxoak 6] Bidarteko Kostakoak taldeko bikotearen kontra, eta aukerarik ere ez zieten utzi. Antxon eta Lekue partidaren jaun eta jabe izan ziren, eta 30-14 irabazi zuten.
Ondo ibili zen Berriatuko bikotea. Antxonek sakera sartu eta dejadak egin zituen, dena atera zitzaien. Kostakoak taldeko Jerome eta Christophe, berriz, estu ibili ziren Berriatukoei eutsi nahirik.
Ohorezko mailakoaz gain, Markina-Xemeinen jokatu zen baita nagusien mailako finala ere. Getariko Olharroa eta Zumaia neurtu ziren horretan, eta Zumaia nagusi izan zen. 30-23 irabazi zuten.
Azpitxapeldun. Markina-Xemeingo Zesta Punta Taldeko Zelaiak eta Atainek Donostian izan zuten finala, zapatuan [martxoak 7]. Bikotea aurretik ibili zen partida osoan, baten aurreratu zituen Donostia Jai Alaik, eta nahikoa izan zen tanto bakarragatik irabazteko. 30-29 galdu zuen Markina-Xemeingo bikoteak nahiz eta partida ona jokatu. Atainek itzelezko partida jokatu zuen, eta Martin Zelaiari urduritasunak gehiago egin zion, pilota errazak galdu zituen, eta ez zuen bere ohiko maila ona erakutsi. Donostiakoak ere ondo ibili ziren, eta aukera aprobetxatzen jakin zuten.
Kadete mailako finala ere Donostian erabaki zen. Zumaiak 30-19 irabazi zion Luzean taldeko bikoteari.