Binakako bosgarren Urrezko aizkorako txapelik gabe geratu da Ugaitz Mugertza
Txapela lanerdira egin beharreko azken lanean erabaki da. Mikel Larrañagak eta Jon Rekondok minutu bateko tartea atera diote Ugaitz Mugertza mutrikuarrari eta Julen Alberdi azkoitiarrari. Iker Vicentek eta Jess Mari Mujikak hirugarren amaitu dituzte lanak.
Zapatuan [martxoak 7] Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa-Eusko Label Saria 2020 finala jokatu zuen Ugaitz Mugertza aizkolari mutrikuarrak Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrarekin batera osatu zuen bikotea, eta oso gutxigatik, txapela bosgarren aldiz jantzi gabe geratu zen mutrikuarra. Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Jon Rekondo leitzarra izan ziren nagusi. 25 minutu eta 30 segundo behar izan zuten txapela irabazteko, Mugertza II.ak eta Txikiak IV.ak baino minutu bat gutxiago (26.30). Iker Vicentek eta Jesus Mari Mujikak 29 minutu eta 15 segundotan gelditu zuten kronoa.
Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren finala estua izango zela aurreikusten zen, eta finalistek ez zuten hutsik egin. Finalera ailegatu ziren hiru bikoteek kanporaketetan pareko emaitzak lortuta ailegatu ziren finalera; bina kanporaketa irabazita eta bana galduta, hain zuzen.
Lehia, beraz, oso estua, bizia eta emozioz betea izan zen; batez ere, lehen bi sailkatuen artean. Hamahiru enbor moztu behar izan zituzten guztira, bost lanetan banatuta. Vicente eta Mujika oso ondo hasi ziren. Erlojuaren aurkako lehen proban eta zutikako bigarrengoan azkarrenak izan ziren. Mugertza-Alberdi eta Larrañaga-Rekondo berriz, segundo batzuk motelago ibili ziren lehen bi lan horietan. Baina hortik aurrera, nabarmen denbora aurreratzen hasi ziren. Erritmoa bizkortzea lortu eta atzetik aurrera egin zuten, eta Vicente eta Mujika atzean utzita, oso pareko jarraitu zuten abiadura eta zutikako eta etzandako enborrak mozten.
Txapela lanerdira egin beharreko azken lanean erabaki zen. Bukaerako probarik luze, zorrotz eta erabakigarrienera segundo bakarreko aldearekin iritsi ziren. Larrañagak eta Rekondok 7 minutu eta 44 segundotan amaitu zituzten lehen lau lanak, eta Mugertzak eta Alberdik, berriz, segundo bat gehiago behar izan zuten (7.45). Azpeitiarra eta leitzarra hobeto moldatu ziren lanerdira; gustura sentitu ziren, eta erritmoa bizitu ere egin zuten, tartea zabaldu, eta Mugertza eta Alberdi atzetik lagata. Azkenean, minutu bateko aldea atera zieten bigarren sailkatuei.