Euskal Herriko txapela lortu du Xabier Beitia lekeitiarrak
Zornotzako Zelaiteta pilotalekuan jokatu den gazte mailako EHko Kluben arteko eskuz binakako txapelketako finala irabazi du.
Xabier Beitia lekeitiarrak eta Aimar Morgaetxebarria zornotzarrak 22 eta 8 irabazi zieten Astigarragako Mundarro KEko Lizeaga anaiei zapatuan [martxoak 7] Zornotzako Zelaiteta pilotalekuan jokatu zen gazte mailako EHko Kluben arteko eskuz binakako txapelketako finala.
Mundarro taldeko Lizeaga anaiak 4 eta 1 irabazten hasi ziren arren, partidari buelta ematea lortu zuten bizkaitarrek, eta 22 eta 8 amaitu arte aurretik joan ziren. Naiz eta emaitzan alde handia egon, tanto gogorrak eta borrokatuak egon ziren.
Eskua handituta zuela-eta arduratuta joan zen finalera Beitia, baina partida ondo atera zitzaien, eta Zornotzako Lagun Onak taldekoen nagusitasuna agerian geratu zen. Euskal Herriko Txapela denboraldi honetako bigarrena da lekeitiarrarentzat, lehenengoa Bizkaiko Txapelketakoa izan zuen, orduan ere Aimar Morgaetxebarria bikote zuela.
Beitia Lea Ibarra Motrollo taldeko pilotaria bada ere, azken denboraldia Zornotzako Lagun Onak taldeagaz egiten ari da. Berak ezik, finala jokatu duten beste hiru pilotariek aurrekontratua daukate Baiko pilota enpresagaz.