Lea-Artibaik finalaurrekoetarako txartela lortu du
Markina-Xemeingo kultur aretoan jokatu dute BBK sariketako laugarren saioa Lea-Artibaik eta Uribe Kostak. Bekobenta eta Berakruz ikastetxeetako ikasleak izan dituzte entzule.
Urduritasuna izan da nagusi gaur [martxoak 11] Markina-Xemeingo kultur aretoan; bertan jokatu da aurtengo Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren azkenengo kanporaketa. Lea-Artibai eta Uribe Kostako bertsolariak atera dira oholtzara, eta batzuentzat jendaurrera ateratzen ziren lehen aldia izan arren, ondo defendatu dute egokitu zaien lana.
Giro ona egon da aretoan. Bekobenta Herri Eskolako eta Berakruz Ikastolako 5. eta 6. mailetako ikasleek bete dute aretoa, eta adi-adi jarraitu dute saioa. Ohi modura 18 urtera artekoek egin dute bertsotan hasteko eta 19-24 urte bitartekoak ondoren. Hauek izan dira kantatu duten bertsolari gazteak: Lea-Artibaitik, Sara Asenjo, Amaiur Galdos, Ariane Sololuze, Nahia Ibarzabal, Garazi Navarro eta Aitzol Goitia; Uribe Kostako taldeko bertsolariak, berriz, Jare Torralba, PeioLago, Izaro Gascon, Peru Irastorza, Oihan Diaz eta Mikel Arrate izan dira.
Binaka edota bakarka egin dute lana bertsolariek. 8ko txikian eta nagusian zein puntuak emanda aritu dira, eta nagusienen saioa amaitutakoan eman du ebazpena epaimahaiak. Lea-Artibai taldeak irabazi du saioa, eta beraz, martxoaren 18an Sopelan jokatuko den bigarren finalaurrekoan parte hartuko duela jakitera eman du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Hego Uribe taldeagaz jokatuko du saioa.
Maddi Ibaibarriaga markina-xemeindarrak aurkeztu du gaurko saioa, eta epaimahaia Ander Arrienek, BeƱat Romerok eta Jone Antsotegik osatu dute. Idazkari lanak Idoia Anzorandiak egin ditu.
Lea-Artibaik eta Hego Uribek Sopelako Ander Deuna ikastolan izango dute finalaurrekoa, 09:45ean. Beste finalaurrekoa, berriz, martxoaren 16an izango da, eta horretan Busturialdea eta Durangaldea ariko dira. 10:00etan daukate ordua Iurretako Orobigoitia BHIn. Finala, ostera, martxoaren 26an izango da Bilboko BBK aretoan, 18:00etan.