Munitibarko araztegia probaldian egongo da apirilean
2,7 millioi euroko inbertsioa egin du Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak. Munitibarko araztegia martxan jarrita, Lea ibaiaren arroaren saneamendua osatuta geratuko dela azpimarratu dute.
Munitibarko Hondakin Uren Araztegian (HUA) probak egingo dituzte apirilean. Araztegia eraikitzeko obrak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak egin ditu, Foru Aldunditik datozen funtsen bidez. 2,7 milioi euroko inbertsioa egin du partzuergoak. Hain zuzen ere, lanak 2,38 milioi euroan esleitu bazituzten ere, 357.798 euro gehiago bideratu dituzte, “proiektuaren zailtasun geoteknikoen ondorioz jarduketa osagarriak” egin behar izan dituztelako.
Araztegia eraikita dago, ekipamenduak prestatuta eta instalazioak eginda. “Beraz, HUA, instalazioa eta kolektore-sistema probetarako martxan jartzea aurreikusi da apirilean zehar”, adierazi dute Bilbao Bizkaia Ur Partzuergotik.
Aurten, hondakin-uren araztegi hori martxan jarrita, Lea ibaiaren arroaren saneamendua osatuta geratuko dela zehaztu dute. Saneamendu horren barruan sartzen dira Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto, Mendexa eta Lekeitio (9.500 biztanle inguru).
Munitibarko HUAk eta horri lotutako kolektoreek herrigune nagusiari (250 biztanle inguru) eta Gerrika, Gerrikaitz eta Totorikako herriguneei ere (150 biztanle) emango diote zerbitzua. Izan ere, horiek dagoeneko lotuta daude etorkizuneko HUAren saneamendu-sarera. Beraz, 400 pertsonaren ur-hondakinak hartuko ditu. “Eskualdeko gainerako hondakin urak jada behar bezala jasota eta tratatuta daude aurretik”. Tratamenduko batez besteko emariak gaur egungo 128,74 m3/eguneko eta etorkizuneko 163,30 m3/eguneko artekoak direla jakitera eman dute.
Obrak. Araztegiaren lursailean bertan dagoen goiburuko ponpaketa batetik ailegatuko dira emariak: “Ponpaketa horrek kolektore orokor baten bidez jasotzen ditu emariak, eta kolektore hori gaur egun dagoen hobi septikora iristen diren kanalizazioekin lotzen da. Hiri erdigunekoak dira, bai eta hari lotutako taldeetakoak ere. Orain arte emari horiek jasotzen zituen hobi septikoa ere deuseztatzea aurreikusten da. Kolektore-sareak zati orokor bat du grabitateari dagokionez, eta hiru lotura-adar: egoitzara sartzeko, Uribai baserrira sartzeko eta Rementeriara sartzeko adarrak”.
Azaldu dutenez, hondakin-uren araztegiak araztegira sartzen diren emariak laminatzeko funtzioa izango du, araztegiaren tratamendu biologikoak onar ditzakeen punturaino.
Horretarako, 24 m3-ko erregulazio-tanga bat edukiko du. Euria egiten badu, 81,55 m3-ko ekaitz-tanga bat jarriko dute, “ahal den neurrian Lea ibaiak gainezka egin ez dezan”.
HUAk “behar bezala” tratatuko ditu jasotako emariak, baldintza tekniko eta ingurumeneko guztiak betez ibilgura isuri ahal izateko. Araztegiak, ponpaketak bezala, urak tratatzeko ekipamendu teknikoez gain, desodorizazio sistema bat ere badauka. Sistema hori estalita dagoenez, eta puntu nagusietan konfinamendu maila bikoitza duenez, usainak eta eragozpenak saihestuko ditu ingurune hurbilean.
Urruneko ekipo elektrikoak eta aginte eta kontrolekoak ere izango ditu. Araztegia 24,7 x 12,7 metroko eraikin baten barruan dago, eta zurezko estalkia eta itxitura ditu, paisaian integratzen laguntzeko.