Udalerriko toponimoen mapa eguneratu du Munitibarko Udalak
Euskara batzordearen laguntzagaz berritu dute mapa, eta euskarri digitalean ere eskuragarri dago orain. Bariku arratsaldean aurkeztuko dute udal aretoan.
Euskara batzordekoek ahal den neurrian bertoko toponimia bildu eta berreskuratu dutela azaldu du Arkaitz Goikoetxea Munitibarko alkateak. “Lehendik zegoen udal mapa berriztu, eguneratu egin dugu eta euskara batzordekoek egindako bilketa lana irudikatuta geratu da plano berrian. Hizkuntza aldetik, lehen planoak atera zituztenean egin ez zen ariketa bat egin da”.
Gainera, euskarri digitalean ere eskuragarri dago orain eta udalaren webgunean jarriko dute, gura duenak edonoiz kontsultatzeko aukera eduki dezan: “Lehengoa paper formatoan egon zen, eta orain informazio guztia formato digitalean ipini da. Agian orain dela 15 urte posible ez zena ahalbidetu digute gaur egungo plataformek. Badaude toponimietan oinarritzen diren kale izendegiak, gero kale izendegi hori programa digital guztietan erabiltzen dutenak eta orain, zelan edo halan behintzat, toponimo eta kale izendegi guztiak elkarregaz jasota geratu dira”. Bisore digitala osatu dute: “Kale izendegiko leku bat, helbide ofiziala zein toponimoa sartu lokalizazio geografikoa ematen dizu bisoreak”.
Horri esker, eurena bezalako herri txiki batean ohikoa izaten den arazo bat konpontzea lortuko dutela uste dute. Izan ere, euren egunerokotasunerako onuragarria eta mesedegarria da: “Sarritan edukitzen dugun arazoa izaten da, konpainia, anbulantzia edo suhiltzaileei helbide bat eman lekua topatu ezinik egotea. Eguneratze honegaz arazo hori konponduta geratuko litzateke. Jendea baserrien toponimiak erabiltzera ohituta dago, baina gero, kale izendegi ofiziala auzoka dago eta zenbaki hutsak dira. Zenbaki horiek eta jendeak erabiltzen duen toponimia bat egin gabe egon dira orain arte”.
Aurreko mapa orain dela hiruzpalau legealdi egindakoa dela azaldu du alkateak: “Orduan berriztu zuten eta ordutik eguneratu barik egon da. Aldaketa handirik ez dago; informazio eta izendegia baino gehiago, argazkiak berritzea izan da eta ortofotoak ere gaur egungoak barik orain dela 15 urtekoak ziren”.
Aurkezpena. Eguneratzeari buruzko informazioa emateko hitzordua jarri dute barikurako [martxoak 13], udal aretoan. 19:00etan hasiko dute aurkezpena. Mapa banatu eta bisore digitalari buruzko azalpenak emango dituzte, herritarrei zelan erabili erakusteko.