Alarma egoeraren eragina gero eta agerikoagoa da
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak alarma egoera ezarri eta salbuespen neurriak iragarri eta gero, orduak pasatu ahala, neurrien eragina gero eta agerikoagoa da. Zaharren egoitzak eta umeentzako jolas parkeak itxi eta gero, herritarrak gero eta gehiago ari dira errespetatzen etxean geratzeko agindua.
Hego Euskal Herrian indarrean sartu da alarma egoera, COVID-19 birusari aurre egiteko. Etxean konfinatzeko agindu diete herritarrei, eta mugimenduak murriztu dituzte. Domekan kaleak hustu ondoren, gaur milaka langilek atera beharko dute etxetik halabeharrez, Espainiako Gobernuaren konfinatzeko aginduak salbuespen hori baitu. Aste honetan itxita egongo dira ikastetxe guztiak eta ezinbestekoak ez diren saltokiak.
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak iragarritako neurrien aurrean, Lea-Artibai eta Mutrikuko udalek ere barikuan hartutako neurriak oraindik ere gehiago zorroztu zituzten. Ondarroan, esaterako, udalak Artibai egoitza ixtea erabaki zuen zapatuan, egoiliarren osasuna babesteko asmoagaz. Beraz, datozen hamabost egunetan soilik egoiliarrak eta langileak sartu ahalko dira. “Ez da inork agindutako erabakia izan egoitza ixtearena, baina uste dugu onena dela”. Lekeitioko Uribarren Abaroak ere erabaki bera hartu du, Koronabirusaren (COVID-19) ondorioz sortutako salbuespen egoeraren aurrean, erresidentziak bisitaririk ez hartzea erabaki du, bere egoiliarren ongizatea bermatzeko helburuagaz.
Ondarroako Udalak ere Berdura Plazan martitzenetan eta zapatuetan egoten ziren saltzaileen postuak Zaldupe eskola publikoaren jolastokira lekualdatu ditu, Berdura Plazako postuek ez dutelako gutxieneko tartea bermatzen. “Ikusi da horretarako lekurik egokiena Zaldupe eskolako jolastokia dela, aterpea baliatuz, eguraldi txarra dagoenean ere erabili ahal izateko. Saltzaileek lehengaiak saltzen dituzte, beraz, euren postuak ohi bezala zabalduko dituzte”, esan dute.
Ondarroako Udalak Herri Busaren ordutegia murriztea ere adostu du gaur goizena egindako koordinazio bileran. Datozen asteetan ondoko ordutegia edukiko du: 07:50etik 10:00etara, “adineko pertsonek Osasun Zentrora egin beharreko bidaiak egin ahal izateko”.
Herri askotan jolas parkeak ez erabiltzeko eskaera egin zuten barikuan. Gutxi izan ziren parkeak prezintatu zituztenak. Dena dela, zapatuan ia udal gehienek hartu zuten neurria. Lekeitioko jolastoki guztiak desinfektatuko ditu, gainera, besteak beste, eskoletakoak, San Andres auzokoak, Uribarren parkekoak, Santa Katalinakoak, Kasimiro Etxebarrikoak eta San Antolin kalekoak. Horrez gain, egunotan edukiontziak ere desinfektatuko dituzte bai eta herriko hainbat gune: plaza, Paskual Abaroa etorbidea eta kiroldegiko aurreko aldea.
Udal guztiek, gainera, bestelako abisua eman arte, langile eta herritarren osasuna babesteko, udaletako herritarren harrera zerbitzua telefono eta posta elketronikora mugatu dute. Udaletxeetan ez da jendaurreko arretarik emango.
Herritarrak ere gutxinaka-gutxinaka egoeraz jabetzen joan dira. Hasiera batean zapatuan oraindik nahikoa jende ikusi ahal izan zen oinez ibiltzen, denbora pasa. Domekan, baina, egoera bestelakoa izan zen. Ondarroako barra musturrean, esaterako, ertzainek etxera bidali zituzten herritar batzuk. Markina-Xemeinen gauza bera egin zuten udaltzainek.
Jende iladak. Pertsona batetik bestera mantendu behar den segurtasun tarteak ere jende iladak eragin ditu okindegi eta denda txikietan.
Orokorrean, ia ekintza gehienak bertan behera geratu dira. Tartean, Mutrikuko Berdel Eguna eta pentsiodunen protestak. Ondarroako pentsiodunek esan dutenez, printzipioz apirilaren 20ra arte bertan behera utzi dituzte mobilizazioak.
Mikel Odriozola mediku ondarrutarrak ere bideo bat zabaldu du sare sozialetan: