Berdel Eguna bertan behera utzi dute
Mutrikuko Udal Korporazioa osatzen duten hiru alderdi politikoek hartutako erabakia jakitera eman zuten barikuan, eta esan dute ordezko egun bat bilatzeko lanean hasiko direla.
Mutrikuko Udal Korporazioa osatzen duten hiru alderdi politikoek argi dute euren jardunaren garrantzitsuena mutrikuarren osasuna eta segurtasuna dela, eta hori kontuan hartuta eta osasun erakunde eskudunek emandako gomendioei jarraituta hartu dute erabakia 25. Berdel Eguna bertan behera uztea.
Apirilaren 4an ospatu behar zen jai eguna. “Badakigu egun hori garrantzitsua dela mutrikuarrontzat, baina pertsonak jaiaren aurretik ipini behar ditugula uste dugu”, esan dute udal ordezkariek. Erabakiaren ondorioak aintzat hartuta, esan dute egun garrantzitsu horren ordezko egun bat bilatzeko lanean hasita daudela.
Herritar guztiek erabakia ulertuko dutelakoan, “norbere eta guztion osasuna zaintzeko neurriak hartzeko gomendioa” luzatu diete herritarrei.