Zaldibarko zabortegiko jarduketek aurrera jarraitzen dute
Egiten ari diren biltegiek lanak areagotzeko aukera emango dutela esan dute. Errekerimendua bidali diote Verter Recycling enpresari lanei laguntzeko lan osagarriak egiten hastea eskatuz.
Zaldibarko zabortegiko hondakinak biltegiratzeko segurtasun-biltegiko lanak erritmo egokian doaz. Horrela jakinarazi du Elena Moreno Ingurumen Sailburuordeak. Alberto Sololuze Markina-Xemeingo bizilaguna eta Joaquin Beltran bilatzeko, jausitako zaborrak bahetzen eta ateratzen ari dira, inguruan pilatuz, eta segurtasun biltegi bi eraikiko dituzte zakar horiek biltzeko. Lanak “oraindik ere gehiago intentsifikatzeko” aukera emango diela horrek azaldu du.
Beharginak lanean jarraitzen dutela eta B4 guneko lanak nahiko aurreratuta daudela ere jakinarazi du Gaizka Etxabe Segurtasun Saileko Arrisku eta Larrialdietarako arduradunak. Eta makinekin eta txakurrekin B1-3 eta B4 gunean ari direla lanean gaineratu du.
Errekerimendua. Administrazio publikoak hasitako lanei laguntzeko lan osagarriak egiten hasteko errekerimendua bidali dio Jaurlaritzak zabortegiaren jabe den Verter Recycling 2002 SMk enpresari. Eusko Jaurlaritzak modu subsidiarioan ekin zien zabortegia egonkortzeko eta zakarrak ateratzeko eta langileak bilatzeko lanei, enpresak ez zuela horretarako baliabiderik adierazi ondoren. Gastu hori enpresari pasatuko diola gero, azaldu zuen jaurlaritzak. Enpresak errekerimendu horri “berehalako erantzun bat” eman beharko diola esan du Morenok.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria barikuan [martxoak 13] egon zen zabortegian, eta han egiten ari diren lanak ikusi zituen. Joan den astean zehaztu zutenez, ehun bat langile ari dira zabortegian lanean.
Bestalde, Koronabirusak eragindako ezohiko egoeraren ondorioz osasun publikoaren arloan hartu beharreko prebentzio-neurriak direla eta, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran bilatzeko operatiboaren jarraipen eta koordinazio batzordeak baliabide telematikoak erabiliz egingo dituztela bilerak jakinarazi dute.