Kazolak joko dira Soraluzeko hilketa matxista salatzeko
Emakume bat hilda aurkitu zuten atzo [martxoak 16] goizean Soraluzeko (Gipuzkoa) etxe baten, eta semea atxilotu zuen Ertzaintzak ama hil izana leporatuta.
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak Soraluzeko hilketa matxista salatzeko egindako deialdiagaz bat egin dute Lea-Artibai eta Mutrikuko talde feministek eta udal taldeek ere. Atzo [martxoak 16] Soraluzen egin zuten modura, gaur [martxoak 17] Euskal Herriko herri guztietan ekitaldi berbera egitea eskatu dute. Horrela, kalera irten barik leiho zein balkoietatik erakutsiko da haserrea, 21:00etan kazola jotzea eginez.
Emakume bat hilda aurkitu zuten atzo [martxoak 16] goizean Soraluzeko (Gipuzkoa) etxe baten, eta semea atxilotu zuen Ertzaintzak ama hil izana leporatuta. 74 urteko andre bat da hildakoa, eta aurpegian kolpe bat zeukan hilda aurkitu zutenean.
Salatu dutenez, hiru emakume hil ditu indarkeria matxistak 2020an Euskal Herrian. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak adierazi duenaren arabera, egun bizitzen ari garen derrigorrezko konfinamendu egoerak, “emakume askoren itxialdi behartua suposatzen du, salaketarik, ihesbiderik eta egoeratik ateratzeko aukerarik barik”. Halaber, COVID-19aren krisialdian, tokian tokiko gobernuek neurriak har ditzatela eskatu dute, “nahitaezko konfinamenduan gogortzen diren indarkeria-mota desberdinak detektatzeko eta horiei aurre egiteko”.