Alerta egoeran txakur kakak gehitu egin direla ohartarazi du Ondarroako Udalak
Alerta egoeran ere gorozkiak jasotzea derrigorrezkoa dela gogorarazi dute udal iturriek.
Txakur kakak jasotzeko deialdi berezia egin du Ondarroako Udalak. Alerta egoeran txakurrak ateratzea baimenduta badago ere, horien gorozkiak jasotzea derrigorrezkoa dela gogorarazi dute udal iturriek. Azpimarratu dutenez, batu gabeko txakurren kakek herritarren zapatetan, gurpildun aulkietan edo itsuen bastoietan amaitzen dute, besteak beste.
Udal iturriek argi dute badaudela euren txakurren kakak beti batzen dituzten jabeak, baina horrela egiten ez dutenei gogorarazi nahi die txakurra ekartzen duten momentutik hainbat betebehar ere badituztela, tartean, kaka batzearena. “Alerta egoeran kaleak hutsik daudenez, txakur asko lotu barik ibiltzen dira horretarako baimenduta ez dauden leku eta orduetan. Eta solte dabiltzanean egiten dituzten kakak ez dituzte batzen jabe askok”.