Lehen isuna jarri dute Lea-Artibain, alarma egoerako neurriak ez betetzeagatik
Dekretu oso zorrotza dagoela martxan gogora ekarri du Ertzaintzak, eta ondo betetzea denon esku dagoela adierazi dute.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, isun bat jarri diote gaur [martxoak 18] goizean gizon bati koronabirusak eragindako osasun krisiari aurre egiteko alarma egoera dekretuan azaltzen diren neurriak ez betetzeagatik. Lea-Artibain jarri duten lehen isuna izan da.
“Dekretu bat dago martxan oso zorrotza, eta azkenean, denon erantzukizuna da denon artean ondo betetzea. Badakigu ez dela erraza, eta ea gauzak arin aldatzen diren, baina bitartean neurriak bete behar dira”, azaldu dute.
Momentuz, beharrezko kasuetan ez bada, ezin dela kalera irten gogora ekarri dute. “Ez da erraza horrelako lege bat jartzea eta betearaztea. Denon esku dago ondo egitea”.
Koronabirusak eragindako osasun krisiari aurre egiteko alarma egoera dekretuan azaltzen diren neurriak ez betetzeak isunak eta zigorrak izan dezake. Adibidez, 100-600 euro bitarteko isunak hesi edo zigilu bat kentzeagatik; 30.000 eurora arteko isuna poliziaren aurrean identifikatzeari uko egiteagatik edo 60.000 eurora arteko isuna biztanleriaren osasuna arrisku larrian jartzeagatik.
Poliziei edo segurtasun pribatuko langileei desobeditzeagatik 3 hilabeteko kartzela zigorra ezarri dezakete. Agintaritzaren aurkako atentatuak lau urteko espetxealdia aurreikusten du (osasun langileak ere agintaritzako kideak dira).
Mugimendu zirkulazioa mugatuta dago, baina badaude salbuespenak, eta ezinbestekoak diren joan-etorriak egiteko aukera izango dute herritarrek: elikagaiak, sendagaiak eta behar-beharrezko produktu eta zerbitzuak eskuratzeko; osasun zentroetara joateko; lanera joateko; kanpoan dagoena etxera itzultzeko; nagusiei, adingabeei, mendekoei edo ezgaitasuna dutenei laguntzeko; bankura joateko, eta azkenik, ezinbesteko kasuetan.