Osasun neurri zorrotzekin egingo da Markina-Xemeingo merkatua
Oinarrizko elikagaien postuak egongo dira bakarrik. Neurriak hartu beharko dituzte saltzaileek eta erosleek.

Koronabirusaren alarma egoera dela eta, protokolo berezia ezarri du Markina-Xemeingo Udalak, eta beraz, soilik oinarrizkoak diren elikagaien postuak egongo dira bihar [martxoak 19], Plazabarripeko merkatuan. “Merkatua mantenduta, herritarren erosketa eskubidea bermatzeaz gain, salmenta zuzen bidez aritzen diren baserritarrek eta bertako ekoizleek euren produktuak merkaturatzeko duten eskubidea bermatu nahi du udalak”, azaldu dute.
Jakitera eman dutenez, osasun neurri bereziak hartuko dituzte. “Merkatuaren esparrua mugatu egingo da, eta erosleen sarrera-irteerak Karmengo kaletik egingo dira. Udaltzaingoa ere bertan egongo da jende kopurua kontrolatzen pilaketarik ez egoteko eta segurtasun tarteak bermatu daitezen”.
Horrez gain, beharrezko materiala bermatuko dutela zehaztu dute, eskularruak besteak beste. Merkatua zabalik dagoen bitartean, gainera –09:00etatik 12:00etara– kioskoaren beheko parteko komunak zabalik egongo dira.
Bestalde, udala azokako saltzaile guztiekin harremanetan jarri da, eta guztiei egoeraren berri eman diete. “Bihar azokan egongo diren saltzaileei beharrezko neurriak hartzeko eskatu zaie: saltzaile bakarra egotea postu bakoitzeko, 65 urtetik gorakoak edo arrisku-talderen batekoak diren saltzaileak ez etortzea, eskularruak erabiltzea, 1,5 metroko segurtasun tartea mantentzea baserritarren artean, 1,5 metroko segurtasun tartea mantentzea baserritar eta erosleen artean, erosketa batetik bestera eskuak desinfektatzea, eta, azkenik, postu bakoitzak bi mahai izatea, atzean produktua baserritarraren eskura soilik, eta aurrekoa hutsik egotea, eroslearentzat produktuak bildu eta emateko”.
Aldi berean, erosleek ere neurriak hartu beharko dituzte: “Erosketak bakarka egin beharko dira, eta inola ere ez ume edo pertsona nagusiek lagunduta, arrisku-talderen batekoak direnak ezingo dira etorri –bihotzeko gaitzak dituztenak, organoren bat transplantatua dutenak, arnasketa gaitzak dituztenak…–, 1,5 metroko segurtasun tarteak mantendu beharko dira bai baserritar eta baita beste erosleekin, produktuak ezingo dira ukitu, postu bakoitzaren aurrean bezero bakarra egon ahal izango da, eta zain dagoen hurrengo pertsona 1,5 metro atzerago egon beharko da.
Udalak aurreratu duenez, hauek dira biharko merkatuan egongo diren postuak:
- Bingen: ortuariak eta sasoiko produktuak (Markina-Xemein)
- Alejandro Arrieta Xemeingain: Ortuaria, fruta, sasoiko produktuak (Markina-Xemein) Ana
- Isabel Arriaga: ortuari eta landareak (Berriz)
- Mari Carmen Sangroniz: ortuaria eta sasoiko produktuak (Ziortza-Bolibar)
- Nerea Foruria: arrautzak (Ziortza-Bolibar)
- Iñaki Lopetegi: makailaoa
- Maria Victoria Rodriguez: frutak eta barazkiak
- Fernando Dosantos: frutak eta barazkiak
- Florencio Azpiazu: kontserbak
- Lourdes Malaxetxebarria: pastelak, ogiak