Leartiker Markina-Xemeingo zentro teknologikoak ISO 13485 ziurtagiria lortu du
Ziurtagiriak medikuntza gailuen garapenaren kudeaketa egokia bermatzen du.
Polimeroen eta Elikagaien Teknologian espezializatutako Leartiker S.Coop. Zentro Teknologikoak apustu estrategikoa egin du azken urteetan osasun-sektorearen alde, negozio aukera berriak sortzeko eta finkatzeko. Horretarako, material polimeriko berriak erabiltzeaz gain, prototipoen ideiatik hasi eta serie-aurrekoak arte garatu ahal izatea ahalbidetzen duten langileak eta instalazioak dituzte.
Egun zentro teknologikoan lantzen dituzten ikerkuntza ildoak mundu mailako osasun joeretara bideratuta daude: zahartzea mundu mailan, ehunen birsorkuntza, Point of Care (POC) eta antimikrobiarrak, besteak beste. Medikuntza-gailuak sortzen dituzten enpresek eskakizun altuak bete behar dituzte, bereziki produktu eta zerbitzuen segurtasunari eta fidagarritasunari dagokionez, bai nazio-mailan, bai nazioarte-mailan, eta baita beraien produktuekin lotutako arriskuak gutxiagotu ere, eta lortu duten ziurtagiriak arau zorrotz baten menpe lan egiten dutela eta garapen eta zerbitzuen segurtasuna eta fidegarritasuna adierazten duela azaldu dute. “Mundu osoan ezaguna den ISO 13485 arauaren araberako ziurtagiri batek enpresa-sektore honetan egokiak diren baldintzak betetzen direla adierazten du, bezeroen aurrean, enpresak kalitatea eta fidagarritasunaren inguruan duen gaitasuna eta inplikazioa erakusten du, bai eta legeak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituela ere”.
Azaldu dutenez, ziurtagiri berri honegaz erakundeenganako konfiantza areagotu eta beste zentro batzuen aurrean lehiakortasuna handiagotzea espero dute. “ISO 13485 ziurtagaria duen kudeaketa sistema batek erakundearenganako konfiantza hobetzen du eta merkatu-mailan ospea areagotzen du era positibo baten”.