Neurri bereziekin egin da Markina-Xemeingo merkatua
Merkatuaren esparrua mugatu egin dute, eta jende kopurua kontrolatu dute. Eguenero mantenduko da plazaren ohiko jarduna.
Hesiak eta seinaleak jarri ditu Markina-Xemeingo Udalak gaur [martxoak 19] goizean Plazabarripean egin den merkatuko segurtasun neurriak bermatzeko. Koronabirusaren alarma egoera dela eta, protokolo berezia ezarri du udalak eta erosleei lagundu eta neurrien berri ematen egon dira Markina-Xemeingo alkatea eta udaltzaingoa.
Merkatuaren esparrua mugatu egin dute, eta erosleen sarrera-irteerak Karmengo kaletik egin dira. Jende kopurua kontrolatu dute pilaketarik ez egoteko eta segurtasun tarteak bermatu daitezen. Horrela, banan-banan sartu dira erosleak Plazabarripeko merkatura, eta lasai itxaron dute txanda. Soilik oinarrizkoak diren elikagaien postuak egon dira, eta goiz erdirako nahikoa jende igaro da bertatik. Esate baterako, ogia guztia saldu da.
Merkatua mantenduta, herritarren erosketa eskubidea bermatzeaz gain, salmenta zuzen bidez aritzen diren baserritarrek eta bertako ekoizleek euren produktuak merkaturatzeko duten eskubidea bermatu nahi duela udalak azaldu du Luis Egurrola alkateak. “Beste janari dendek bezala saltzeko eskubidea daukate”, esan du. Alkateak jakitera eman duenez, eguenero mantenduko da plazaren ohiko jarduna.