Alarma egoera hamabost egunez luzatuko dute
Oraindik "okerrena iristear dagoela oraindik", esan du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak. Alarma egoeran igarotako lehenengo astea aztertu eta egoera larria dela nabarmendu du, eta herritarrek prest egon behar dutela datorren astean kutsatutakoen eta hildakoen kopuruak handitzen ikusteko.
Alarma egoera beste 15 egunez luzatzeko proposamena egin die Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Espainiako Estatuaren mendeko lurraldeetako presidenteei. Kongresua izango da luzapen hori onartu beharko duena, eta aurreikuspenen arabera, eguaztenean [martxoak 25] eztabaidatuko dute eta, ziurrenik, onartu egingo dute. Ezustekorik ezean, apirilaren 11ra arte luzatuko dute alarma egoera.
Oraindik “okerrena iristear dagoela oraindik”, esan du Sanchezek. Alarma egoeran igarotako lehenengo astea aztertu eta egoera larria dela nabarmendu du, eta herritarrek prest egon behar dutela datorren astean kutsatutakoen eta hildakoen kopuruak handitzen ikusteko.
Iñigo Urkullu lehendakariak ere parte hartu du, bideokonferentzia bidez, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Covid-19 koronabirusak sortutako egoerari buruz hitz egiteko egin duen erkidegoetako presidenteen bileran, eta une honetan lehentasuna “osasun profesional gehiago izatea eta osasun materialaren hornikuntza bermatzea” dela adierazi du.
Bestalde, Osasun Ministerioak datuak jasotzeko irizpide bakarra ezartzea eskatu dio Espainiako Gobernuari. “Horrela baino ez dugu lortuko Estatuaren egoeraren inguruko egiazko informazioa”. Gainera, mahai gainean jarri du autonomia-erkidegoek zenbat test azkar jasoko dituzten eta noiz jasoko dituzten jakiteko beharra, eta orain arte Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban krisia baliabide propioekin kudeatzen ari direla, azpimarratu du.
Europa osoan hartu behar diren erabaki estrategikoak oso garrantzitsuak direla ere azpimarratu du Urkulluk, eta Europar Batasunaren esparruan jarduteko batasun handiagoa defendatu du.