Bederatzi Covid-19 kasu erregistratu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun
Gaur [martxoak 23] goizean eman ditu azken datuak Eusko Jaurlaritzak. Mutrikun, Lekeition, Markina-Xemeinen, Mendexan eta Ondarroan daude erregistratutako kasuak. Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban 2.421 pertsona kutsatu dira guztira.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, denetara Lea-Artibai eta Mutrikun 9 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. Lau dira konfirmatutako kasuak Mutrikun, bi Lekeition, eta bana Markina-Xemein, Mendexan eta Ondarroan.
Gaur [martxoak 23] goizean eman ditu azken datuak Eusko Jaurlaritzak. Atzoko [martxoak 22] 20:00ak arte, COVID-19ko beste 324 positibo eman dira Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban, hau da, 2.421 pertsona kutsatu dira guztira. Hildakoak 120 dira, atzoko 23 heriotzen ondoren. Lurraldeka begiratuta Bizkaian 1.032 lagun kutsatu dira, eta horietatik 541 ospitalizatuta daude; Gipuzkoan positiboak 380 dira (horietatik 136 ospitalizatuta daude); Araban 1.009 kutsatu daude, eta horietatik 328 ospitalizatuta daude. Gaur arte, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban 7.047 detekzio-proba egin dira, atzo 862 egin ziren.
Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak jakinarazi duenez, Gasteizen ezarritako lehen mailako arretaren zonakatze-sistema Bizkaiko Barrualde-Galdakao ESIra zabaldu da. Bertan, arnas sintomak dituzten pertsonak artatzeko erreferentziazko osasun-zentroak bederatzi dira: Basauri-Ariz, Galdakao, Amorebieta, Durango, Gernikako Ospitalea, Lekeitio, Ondarroa, Amurrio eta Laudio. Aste honetan bertan iritsiko da Bizkaiko gainerako eskualdeetara eta Gipuzkoa osora ere.
“Gasteizen aplikatzen ari diren antolaketari esker alde batetik, arnas sintomak dituzten pertsonentzako arreta zentralizatu daiteke koadro horiek artatzeko berariaz prestatutako zentroetan, eta, bestetik, biztanleei segurtasun handiagoa eman dakieke, zirkuitu zehatzak ezartzen baitira arnas sintomak dituztenek gainerakoak kutsa ez ditzaten”, azaldu du.
Osasuneko sailburuak, gainera, beste asistentzia-aldaketa batzuen berri eman du. Alde batetik, Basurtuko pediatriako larrialdiak Gurutzetako Unibertsitate Ospitalera eramango direla esan du. Bestalde, bihartik aurrera, Donostialdea ESIko Onkologia Medikoko eguneko ospitalea eta kanpo-kontsulten zerbitzua onkologikora lekualdatuko dira.