Mutriku Futbol Taldearen dokumentala, Interneten ikusgai
Alarma egoeraren ondorioz ezarritako konfinamendua dela eta, ikus-entzunezkoa Interneten argitaratu dute. Egun gutxitan 1.360 ikustaldi baino gehiago eduki ditu.
Gabonetako oporraldian aurkeztu zuten Mutrikun herriko futbol taldearen 75. urteurreneko dokumentala. Orain, herritarrak etxean egon behar direla eta, Interneten argitaratu dute, denen eskura egoteko. “Gabonetan dokumentala aurkezteko bi emanaldi eskaini genituen herrian. Bi emanaldietan jende asko batu zen, eta nahikoa txukun atera zen”, azaldu du Pedro Mari Ulazia Mutrikuko Futbol Taldearen 75. urteurreneko batzordeko kideak.
Batzordeko kideen asmoa zen denboraldi amaieran, maiatza bukaera aldera edo, futbol zelaian proiektatzea edo antzerako zer edo zer egitea. «Baina, egoera honen aurrean, etxean geratu behar garela eta, denen eskura ipintzea pentsatu dugu. Orain guztiok daukagu denbora gehiago, eta Interneten argitaratzea aukera ona zela iruditu zitzaigun».
Printzipioz, maiatzean egin nahi zuten ekintza hori, beraz, kolokan geratu dela esan du, baina ez du ezer ziurtatu. «Orain jende askok ikusten badu, gero aztertu egin beharko da ekintzaren bat egitea merezi duen edo ez. Baina hori ikusiko dugu aurrerago, normaltasunera itzultzen garenean».
Ion Bergara, Eneko Elezgarai eta Ander Urrosolo herritarrek zuzenduta dago dokumentala, eta Ulaziak esan du ikus-entzunezkoa «dotorea» dela. «45 minutu ditu, eta hainbaten testigantzak jasotzen ditu».