Eskola berriak 861.000 euroko gastua eragingo dio Etxebarriko Udalari
Gastuen zenbatekoa zein izan daitekeen jakiteko, azterketa ekonomiko bat egin dute. Zatika egingo dituzte lanak, urtez urte.
Etxebarriko eskola berria Hezkuntzaren 2019-2023 ekintza planean sartu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Horrenbestez, proiektuak atzerapenik izan ezik, eskola berria inauguratuko dute etxebarritarrek 2023an. Frontoiaren ostean daukate lekua gordeta. Inbertsio handia izango da etxebarritarrentzat. Izan ere, eskola berriak 861.000 euroko gastua eragingo dio Etxebarriko Udalari.
Herrian eskola sortzea “funtsezkoa” da udalarentzat, eta lehen onespena jasota, aurrelan guztiak egiten saiatu da Etxebarriko Udala eskolaren proiektua lehenbailehen egin ahal izateko. Eusko Jaurlaritzagaz adostuta egingo dituzte lanak. Eusko Jaurlaritzaren esku dago proiektua eta udalak bere gain edukiko ditu eskola berriak behar dituen urbanizatze-lanak bai eta haurreskola ere.
Gastu horien zenbatekoa zein izan daitekeen jakiteko, azterketa ekonomiko bat egin dute eskola berriak eta bere urbanizazioak izango lituzkeen gastu ekonomikoak jakiteko, eta horren arabera, 861.000 euroko gastuari aurre egin beharko diotela ikusi dute. Hori dela eta, lanak zatika egiten joango dira, urtez urte, “gastuek udalaren ohiko funtzionamenduan eraginik ez izateko edo ahal denik eta eragin gutxien izateko”.
Lehen proiektuak. Lehenengo Urbanizatzeko jarduketa-programa eta birpartzelazio proiektua egin eta urbanizazio-proiektua idatziko dute. Horretarako 41.000 euro gorde dituzte aurtengo aurrekontuetan. Gerora begira, zerbitzu sareak eramango dituzte eskolaren gunera: ura hornitzeko sarea, saneamendu sarea, argiteria sarea, telekomunikazioak… Guzti horren kostua 50.000 eurokoa izango dela aurreikusi dute.
Bestalde, Urkaregi errekak eragiten zuen uholde arriskua saihesteko lanak egin zituztenean estribuak jarri zituzten, baina zubia egitea falta zaie, eta obra horrek 34.000 euroko kostua izango lukeela azaldu du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak. “Bidea egin, farolak ezarri eta bestelako azpiegitura denak gauzatzeko ia-ia 100.000 euro beharko ditugu”, zehaztu du.
Gasturik handiena, dena dela, haurreskolak eragingo du. Gaur egun dagoen kokapenetik Eskola berriaren gunera eramatea da asmoa. “Eraikin guztia udalak egin beharko balu 500.000 euro beharko genituzke eraikitzeko, eta urbanizatze lanekin batuta, guztira, 861.000 euro litzateke”, dio alkateak. Bere esanetan eskola gunera zerbitzuak eramatea da lehentasuna eta gero urbanizazio osoa gauzatzea. “Eskola egiten hasi orduko dena prest eduki behar dugu”. Haurreskola, berriz, udalaren ahalmen ekonomikoaren arabera berehala edo urte batzuetara egingo litzateke. “Datozen urteetan eskola berrira bideratu nahi du dirua udalak, baina beste zerbitzuak albo batera laga barik”. Gastu horiei guztiei aurre egin ahal izateko kreditu bat beharko dutela ere aurreikusi dute.