Koronabirusari aurre egiteko koordinazio mahaia osatu dute Lea bailarako herriek
Mahaia Lekeitioko osasun etxera joaten diren herriek osatzen dute. Pandemiaren aurrean zelan jokatu eztabaidatu dute, eta hartuko dituzten neurri batzuk ere zehaztu dituzte.
Lekeitioko osasun etxeko zerbitzua erabiltzen duten herriak elkartu dira gaur [martxoak 23] Lekeition. Koordinazio mahai bat eratu dute, elkarlanean koronabirusaren aurreko neurriak zehazteko eta herrien arteko koordinazioa zuzentzeko. Pandemiaren aurrean zelan jokatu eztabaidatu dute, eta hartuko dituzten neurri batzuk ere zehaztu dituzte. Bilera horretan parte hartu dute baita ere Osakidetza, Gurutze Gorria, Ertzaintza, Udaltzaingoa eta Uribarren Abaroa egoitzetako ordezkariek. Azaldu dutenez, koordinazio mahaia astelehenero batuko da.
Herri bakoitzak bere ezaugarrien arabera jokatuko duela adostu dute. Hala, Lekeitioren kasuan gaur bertan hasiko dira gizarte zerbitzuetatik, adinagatik, osasun-egoeragatik edo bakardadeagatik premia gehien duten herritarren etxeetara deitzen. Helburua premia gehien dutenengana ailegatu, horien diagnostikoa egin eta dituzten beharrak ezagutzea da, gero behar horiek asetzen laguntzeko.
Zehaztu dutenez, 83 urtetik gorakoei eta gizarte zerbitzuen ohiko erabiltzaileei egingo dizkiete lehenengo deiak. “Beharrizanen bat izanez gero Gurutze Gorria eta Lekeition sortu den laguntzarako plataformako boluntarioen laguntza izango dute”, azaldu dute. Izan ere, Gurutze Gorria udalerrietako ordezkariekin egon da gaurko mahaian, eta Lekeitioko boluntarioen taldeagaz hartu-emanetan daude.
Botikak eta elikagaiak erosten lagunduko diete esate baterako, eta beste premia batzuk izanez gero, psikologoaren beharra eta abar, eskura jarriko zaie.
Bestalde, gogorarazi dute Lekeitioko osasun etxean ezohiko neurriak hartzen ari direla. “Eraikinean gune bat sortu da COVID-19agaz lotuta egon daitezkeen kasuak aztertzeko. Sintomak dituzten pertsonak besteekin ahalik eta harreman gutxien edukitzea garrantzitsua da”, esan dute. Horri jarraituta, gainerako kontsulta guztiak telefonoz ari direla egiten esan dute. “Osasun etxera sartzeko derrigorrez aurretiaz hitzordua hartu behar da. Deia egitean, medikuek kasu bakoitzaren diagnostikoa egingo dute, eta koronabirusaren sintomak edukiz gero, pertsona hori isolatzeko protokoloa jarriko da martxan; kasu bakoitzaren arabera aztertuko da etxean isolatu edo ospitalean”. Gogorarazi dute baita ere, Osakidetzako aholkularitza telefono zebankira deitzea ere gomendatzen dela: 900 20 30 50.
Uribarren Abaroa fundazioak ere ezohiko neurriak hartu ditu. Aurreko astetik bisitarik ez dute hartzen, eta orain, beste neurri batzuen artean, egoitzan dagoen eguneko zentroa egokitu dute eta hainbat ohe jarri dituzte, “beharrezkoa izagno balitz gaixorik dauden edo sintomak dituzten egoiliarrak isolatzeko”. Horrez gain, garbiketa neurri bereziak ere hartu dituztela esan dute.
Lekeitioko elkarte eta kolektiboek emandako laguntasuna ere eskertu dute. Izan ere, Lekeition bizi den komunitate txinatarrak maskarak eman dizko Udaltzaingoari, eta haur eskolak ere osasun etxera eraman ditu maskarak. Isuntza arraun elkarteak ere udalari eman dizko maskarak. “Horrez gain, herriko talde ezberdinek laguntasuna eskaintzen jarraitzen dute eta udaletik hori eskertu nahi dugu”.
Herritarrei gogorarazi diete edozein zalantza edukiz gero, udalagaz harremanetan jartzeko bideak ondokoak direla: telefonoz (94-603 41 00) edo posta elektronikoz (udala@lekeitio.eus).