Markina-Xemeingo kaleak desinfektatzen hasi dira udal langileak
Erabiltzaile gehien dituzten tokiek izango dute lehentasuna. Ura eta sodio hipokloritoa nahasiz egingo dute desinfektatzea.
Herriko kaleen eta erabilera publikoko elementuen garbiketa eta desinfektatze berezia jarri du martxan Markina-Xemeingo Udalak, koronabirusaren hedapena geldiarazteko, eta erabilera gehien daukaten elementuak desinfektatzen hasi dira gaur [martxoak 24] udal-brigadako langileak.
Udalak jakitera eman duenez, ura eta sodio hipokloritoa nahasiz egingo da desinfektatzea, eta herrian jende gehien pilatu daitekeen tokiek izango dute lehentasuna, saltokietako sarrera-irteerak, autobus geltokiak, zabor edukiontziak, baranda eta heldulekuak besteak beste.