Autonomoei eta enpresei informazioa bideratzeko zerbitzua martxan jarri du Debegesak
Aholkularitza behar duten autonomoek telefono zenbaki bat eta posta elektroniko bat dituzte erabilgarri.
Covid-19 birusak eragindako alarma egoerak Debabarrena eskualdeko negozio askoren itxitzea ekarri duela jakitun, autonomoen eta enpresen eskura ipini dituzten dirulaguntzei buruzko informazioa bideratzeko aholkularitza zerbitzua martxan jarri du Debegesa Garapen Ekonomikorako Elkarteak.
Espainiar Gobernuak martxoaren 17ko 8/2020 errege dekretuan argitaratutako dirulaguntzen berri eman eta tramitazioan laguntzeko 687 47 65 05 telefono zenbakia eta ekintzaile@debegesa.eus helbide elektronikoa aktibatu dituzte, hain zuzen. Kontsultak astelehenetik barikura egin ahal izango dira 09:00etatik 14:00etara bitartean.