Boluntarioentzako maskarak egiteko laguntza nahikoa jaso duela esan Ondarroako Udalak
Maskarak egiteko boluntario askok bat egin du udalaren deialdiagaz; izen ematea eten egin dute beharrizan gehiago eduki arte.
Maskara berriak lortzea ia ezinezkoa denez, herritarrengana jotzea erabaki du Ondarroako Udalak, eta josteko makinak dituzten herritarrei maskarak egiteko laguntza eskatu diete. Baina udal iturriek azaldu dutenez, ordu gutxian herritar askok bat egin du deialdiagaz, eta izen ematea etetea erabaki dute beharrizan gehiago eduki arte. Azaldu dutenez, hogei eskari baino gehiago jaso dituzte. “Mila esker izena eman duzuenoi, eta ematen ahalegindu zaretenoi”.
Iragarri dutenez, eta, beti ere, beharrizanen arabera, laister beste deialdi bat egiteko asmoa dute. Euren prestutasuna agertu duten jostunek, hain zuzen, herrian etxez etxeko laguntza eskaintzen ari diren boluntario sareko kideek erabiltzeko maskarak egiten hasiko dira bihartik aurrera.
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak eskerrak eman nahi dizkie boluntario sarera era batera edo bestera batzen ari diren herritarrei. “Gure herrian oinarrizkoa izan da beti elkartasuna. Lehenago ere erakutsi zuen herriak bere izaera, eta orain ere erakusten ari gara. Mila esker denoi”.
Udal iturriek gaineratu dutenez, boluntario sarea handitu nahian jarraitzen dute. “Larrialdi egoera ezarri zenetik herriko hainbat pertsona behar dutenei laguntzen ari dira, baina egunak aurrera joan ahala laguntza behar duten herritarrak ere gehituz doaz”. Boluntario lanetan lagundu nahi dutenek 608 22 97 95 telefono zenbakira deitu beharko dute, eta udalak jakitera eman duenez, zeregin horretarako behar dituzten segurtasun bitartekoak emango dizkie; maskarak eta eskularruak, esaterako”.
Eneritz Basurko Pagoaga Ongizate Batzordeko batzordeburuak elkarri laguntzearen garrantzia azpimarratu du. “Herri txiki bat gara eta garrantzitsua da gure artean elkartasun sareak sortzen eta handitzen joatea”. Gehitu duenez, geroz eta jende gehiago ari da laguntza eskatzen egunak aurrera joan ahala, eta horregatik da garrantzitsua boluntario sare hori handitzea. “Zenbat eta boluntario gehiago batu orduan eta errazagoa izango da dena”.