Leire Egiguren: "Denok gara koronabirusa eramatearen susmagarri"
Goraka jarraitzen dute koronabirus kasuek. Kutsatze haria ahalik eta arinen etzan nahi bada, etxean gelditu beharra dagoela nabarmendu du Egigurenek, «guztiongatik».
Larrialdi zerbitzuak kolapsatuta, jendea urduri, beldurtuta. Zelan bizi izan duzue eta ari zarete egoera hori bizitzen Mendaron? Jendeak egin dio kasu guztiz premiazkoa ez bada larrialdietara ez joateko egindako deiari?
Gero eta koronabirus kasu gehiago artatzen ari gara, baina, momentuz, ez dago kolapso egoerarik gure ospitalean. Bizkaiko ospitaleetatik datozen berriak ez dira baikorrak, eta etorri daiteekenagaz arduratuta gaude. Baina jendea oro har kasu egiten ari da emandako gomendioei, eta egoera normalean ikusten ditugun «ez premiazko» kontsultak asko jaitsi dira.
Osasun langileek adierazi dute segurtasunez lan egiteko materiala falta dela, eta Osasun Sailak esan du material hori heldu ahala, bideratzen doala zentroetara. Zelan dago kontu hori orain momentuan?
Momentuz guk badaukagu materiala, baina aurrezteko gomendioekin etengabe. Maskara eta betaurrekoak, adibidez, berrerabili egiten ditugu ahal den heinean. Beste material bat, ordea, paziente bakoitza ukitu ahala aldatzen joaten da, eskularruak kasu. Ez da gauza bera arnas sintomarik ez daukan pertsona bat artatzea edo arnas estuagaz datorren bat. Jarri beharreko babesa ezberdina da. Kasu kutsakorrenak izan daitezkeenentzako babesak ezberdinak dira. Badirudi materiala badatorrela datozen asteetarako. Fabriketatik eta Txinatik. Gogoz hartuko dugu.
Inguruan gaixotu den lankiderik baduzu?
Lankideak hasi dira gaixotzen bai. Estamentu guztietakoak. Ez da gozoa hori irenstea. Zorionez, nire inguruko jendea sintoma arinekin ari da gaixotasuna igarotzen, eta hori pozgarria da.
Lanaldiak luzatu behar izan dituzue, esfortzuak biderkatuz. Zelan antolatu zarete egoera honi aurre egiteko?
Esan bezala, lehenengo bajak azaldu zaizkigu. Txanda gehiago egitea tokatzen ari zaigu guztioi (guk 12 ordukoak egiten ditugu), eta kanpotik errefortzuak ere etorri dira: lehen larrialdietan lan egin eta orain Lehen Mailako Arreta Zerbitzuetan dabilen jendea etorri zaigu, adibidez, esku bat botatzera.
Martxoaren 19an Osasun Sailak emandako datuen arabera, Mendaron 3 koronabirus kasu positibo zeuden. Zenbateko horrek gora egin du? Ingresoa behar izan dute kutsatutakoek? Badakizu beraien eboluzioa zelakoa den?
3 baino dexente gehiago dira jada… Batzuek ingresoa behar izan dute, eta beste asko etxera joan dira jarraitu beharreko gomedioekin eta okertuz gero bueltatzeko aginduagaz. Gehienen eboluzioa ona izan da, baina badaude okerrera egin dutenak ere. Nagusienen kasuan, heriotzak ere bai, noski.
Osakidetzak bisita birtualak egiteko zerbitzu berri bat jarriko omen du ospitaleetan. Zenbaterainoko garrantzia dauka gaixorik dagoen batek senideekin kontaktua izateak?
Ez daukat horren berri. Momentuz gurean eta beste ospitaleetan ere bisitak galarazota daude. Telebistako txartela erostera ere ezin dira joan bakartuta dauden gaixoak. Eta beste batzuk bakarrik hiltzen ari dira… Oso gogorra da. Hau konpontzeko egiten den guztia pozez hartuko dugu.
Goraka jarraitzen du eta jarraituko du birusaren zabalkundeak. Ze aurreikuspen dituzue datozen egun eta asteetarako?
Berandu isolatu gara/gaituzte. Orain dela astebete-hamar egun kalean genbiltzan oraindik, elkarri eskutik helduta eta muxu emanez… Birusak 7-10 eguneko inkubazio epea dauka, eta oraintxe hasiko gara isolatuta gaudenok aurretik harrapatutakoa azaleratzen. Egun eta aste gogorrak ditugu aurretik. Eta oraindik ere lantegi askok irekita jarraitzen dute! Ehunka pertsona elkarrekin lanean.
Egoera honen aurrean, zer eskatuko zenieke herritarrei? Ze neurri dira bete beharrekoak, bai ala bai, COVID-19aren zabalkundea eten nahi bada?
Kutsatze haria eten egin behar da. Ez da norbanakoen kontua. Ez dira norbera ez kutsatzeko neurriak gomendatzen diren hauek. Komunitate ikuspuntua da eskatzen dena. Denongatik geratu behar gara etxean. Momentu honetan denok gara koronabirusa eramatearen susmagarri. Denok eraman dezakegu, nahiz eta oraindik sintomarik ez izan. Kalera goazenean, objektuak ukitzen ditugu: dendako janaria, igogailuko botoia, kontenedorearen tapa, argiaren interruptorea, autoko bolantea, lantegiko komuneko iturria… Atzetik beste batek ikutuko ditu, eta guk utzi dugun koronabirusa etxera eramango du. Eta etxean sistema berberaz barreiatuko da. Eta gure nagusi eta bestelako gaixotasunak dituzten ahulenak kaltetuak izango dira. Kontu handia izan behar dugu honekin. Isolamendua bukatzen denean, seguraski gutako asko kutsatuko gara, baina osasun sistema denok artatzeko gai izan dadin, behar duen guztiak arnasgailu bat izan dezan… ezin gara denok batera gaixotu. Oraindik gaixo ez gaudenok zaindu gaitezen. Zenbat eta hobeto egin, kutsatze kurba orduan eta lehenago etzango da, eta lehenago bukatuko da larrialdi egoera.
Koronabirusaren test azkarrak heltzear daudela esan du Espainiako Gobernuak, eta urgentzietako lana arintzeko oso baliagarria izango dela.
Desiatzen gaude. Momentu hontan koronabirusa antzemateko lagina (eztarriko frotisa) Donostira bidaltzen dugu mezulari bidez Gipuzkoako ospitale txiki guztietatik. Egunean lau bat bidaia egiten ditu mezulariak, eta laginak pilatzen joaten gara bidaia bakoitzerako. Hara heldu, prozesatu eta emaitza jaso orduko 7 bat ordu pasatzen dira (proba bera 4 orduz luzatzen da, baina prozedura eta garraioan denbora galtzen da). Ospitaleak, eta nire kasuan, larrialdi zerbitzuak jendez betetzen diren heinean, garrantzitsua da emaitzak arin izatea. Positiboak eraginkortasunez isolatzeko, isolamenduko ingresoak kudeatzeko, tratamenduagaz arin hasteko… ezinbestekoa.
Leihoetatik txaloz eskertzen ari zaizkizue herritarrak egiten duzuen lana eta ahalegina… Babes horrek lagunduko du, ezta, aurrera jarraitzeko?
Jendearen eskertza izugarria da. Ondarrutar batzuk maskarak eskuz egiten hasi dira boluntario. Izugarrizko lana da! Nik Mendarora eraman ditut asko. Ni bizi naizen lekutik ez dira txaloak entzuten. Aurrekoan, maskara horien bila atera nintzen 20:00ak bueltan, eta txalo zaparradak harrapatu ninduen. Hain handia egin zitzaidan… negarra atera zitzaidan. Horrelako gauzek gure lanean gogotsuago jarduten laguntzen dute. Gure lana izugarri polita da, egunotan lan karga handia den arren.