Mutrikuko Ziriako Andonegi lehiaketako lanak posta elektronikoz jasoko dituzte bakarrik
Mikroipuinak aurkezteko epea apirilaren 1ean amaitzen dela gogorarazi dute. Parte hartzaileek nahi beste lan bidali ahal izango dituzte.
Koronabirusak eragindako alerta egoera dela eta, Ziriako Andonegi mikroipuin lehiaketan parte hartzeko lanak posta elektronikoz soilik bidali ahal izango direla jakitera eman du Mutrikuko Udalak. Hau da, lanak bidaltzeke dituztenek ezingo dituzte posta arruntez bidali. Bestelako erabaki guztiak (saridunak edo sari banaketa) momentuan momentuko egoeraren arabera hartuko dituztela esan dute. “Ahalik eta azkarren jakinaraziko dira”.
Mikroipuinak aurkezteko epea apirilaren 1ean amaitzen dela gogorarazi dute. Bertan parte hartu nahi dutenek kultura@mutriku.net helbidera idatzita bidali beharko dituzte lanak. Parte hartzaileek bidaltzen den mezuari bi fitxategi erantsi beharko dizkiote: idazlana (goitizenez sinatuta) eta egilearen datu guztien fitxa, nortasun agiriaren kopia barne.
Lehiaketan edonork parte hartu ahal du, eta parte hartzaile bakoitzak nahi beste lan aurkeztu ahal ditu. Hori bai, egile bakoitzak sari bakarra jaso ahalko du. Lan guztiak euskaraz idatzita egon behar dira, eta beste inon argitaratu ez direnak izan behar dira. Mikroipuin bakoitzak gehienez ere 100 hitz eduki beharko ditu; gaia librea da.