Zaldibar argitzeko eskaria egingo da leiho eta balkoietatik
Bihar arratsalderako deialdia luzatu du Zaldibar argitu plataformak. Zaldibar Argitu gaiarekin edota leloagaz lotura duen kartel edo marrazki bat egin eta leiho eta balkoietara atera behar da. Lanak sareetara igotzera ere animatu dituzte herritarrak.
Zaldibarko zabortegian lurperatuta jarraitzen duten Alberto Sololuze Markina-Xemeingo bizilaguna eta Joaquin Beltran Zallakoa gogoan edukitzen jarraitzeko ekimena jarri du abian Zallako Zaldibar argitu plataforma herritarrak. Etxean egon arren aldarrikapenak eteterik ez dute nahi. Horrela, koronabirus familiako Covid-19 birusaren hedapena geldiarazteko konfinamendu neurriek indarrean jarraitzen duten bitartean sareak eta leihoak kartel eta marrazkiekin bete nahi dituzte, eta deialdi horregaz bat egingo du Lea-Artibaiko plataformak ere.
Zaldibar Argitu gaiarekin edota leloagaz lotura duen kartel edo marrazki bat egin behar da, eta bihar [martxoak 26] eguena, 20:30ean leiho eta balkoietatik erakutsi, eta sare sozialetara igotzea eskatu dute #zaldibarargitu eta #joaquinetaalbertogogoan traolak erabilita.
Bestalde, apirilaren 6an hilabete bi beteko dira Zaldibarko lur jauzia gertatu eta behargin biak lurperatu zituenetik, eta ekimen berezi bat prestatzen ari direla aurreratu dute Zaldibar Argitu plataformakoek. Datorren astean emango dute horren berri.
Lanak. Bien bitartean, Zaldibarko zabortegiko lanek aurrera jarraitzen dute. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, B2 bilaketa-gunea berraktibatu dute, eta beste lan-talde bat eta zaintza talde bat jarri dituzte erauzketa, miaketa eta baheketa lanetarako. Beste talde bi B4 eremuan ari dira lanean, eta beste bi B1.3 eremuan. Hiru miaketa-makina, hiru musker eta beste hiru hondeamakina daude kokagune bakoitzean.
100 pertsona inguruk osatzen dute obra zibileko ekipoa, eta gaueko lan-txanda mantentzen ari dira obra zibileko, zaintzako eta prebentzioko zereginetan.
Alberto eta Joaquin bilatzen ari diren eremuetan arakatu, atera eta bahetu diren zabortegiaren desplazamenduko materialei dagokionez, 54.681 metro kubiko dira guztira, B4an berrikusi da kopuru handiena, 27.534 metro kubiko, hain zuzen.
Ura. Zaldibarko zabortegiko urak zaintzeko plan eguneratuan ezarritakoarekin bat etorriz laginak hartzeko programa daukate martxan. Horren arabera, zabortegiaren lixibatuak eragindako eragina Aixola errekan baino ez dago. “Zabortegitik EGOrekin bat egiten duen lekuraino (330 metro, gutxi gorabehera), eta ez da aldaketa esanguratsurik ikusi EGOko kutsatzaile bereizgarrien kontzentrazioan”, azaldu dute.
Jakitera eman dutenez, momentu honetan 6. eta 11. kontrol-puntuetan detektatutako lixibatuen ekarpenak kentzeko konponbidean ari dira lanean. “Jarduketa horiek eta lixibatua husteko lanak behar den denboran mantenduko dira, ezar daitezkeen aldaketa eta hobekuntzekin, lixibatu guztiak eskualdeko saneamendura bideratzeko behin betiko konponbidea eman arte, otsailaren 6ko zabortegia irristatu aurretik egiten ari zen bezala”.