Herriguneko asfaltatze lanen ondorioz, goiko aparkalekua itxita dago apirilaren 1era arte
Apirilera arte herritarrek ezingo dute aparkalekua erabili eta sortu litezkeen eragozpenengatik barkamena eskatu du udalak.
Munitibarko Udalak jakitera eman duenez, goiko aparkalekuak itxita jarraituko du datozen egunotan. Aurreikusitakoaren arabera, herritarrek ezingo dute erabili apirilaren 1era arte.
Herrigunea oinezkoentzat egokitzeko lanak aurrera doaz, eta zehaztu dutenez, asfaltatze lanak bukatuta badaude ere, zorua ondo egokitzeko beharrezkoa da Lekeitiotik Gernikarako bidea hartzeko zein kontrako norabidean doazen ibilgailu handiek bidegurutzean birarik ez ematea. Horregatik, ibilgailu horiek buelta hartzeko behar dute aparkalekua libre egotea. Sortu litezkeen eragozpenengatik barkamenak eskatu ditu udalak.
Eguaztenean egin zituzten asfaltatze lanak herriguneko bidegurutze nagusian, eta horregatik ibilgailu handiek buelta hartzeko egokitu zuten goiko aparkalekua.
Oinezkoei lehentasuna emanez, errepideak zatitzen dituen zati biak batzen eta horrela, iriste erraztasuna zein segurtasuna hobetzen ari dira.