Mutrikuko eta Ondarroako alkateek elkarlanerako deia egin diete herritarrei
Bi herrietako agintariak herritarrei zuzendutako bideo bana sareratu dute. Esan dutenez, orokorrean herritarrak ondo ari direla neurriak betetzen. Udalek hartu behar izan dituzten neurriez ere hitz egin dute.
Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak eta Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak herritarrei zuzendutako bideoak egin eta zabaldu dituzte udaleko sare sozialen bidez. Besteak beste, alarma egoerak luze joko duela eta orain arte herritarrak ondo ari direla erantzuten esan dute. Horrez gain, udalek hartu behar izan dituzten neurriei buruzko azalpenak ere eman dituzte.
Lea-Artibai eta Mutrikun Palenzuela izan zen bideoa sareratu zuen lehenengoa; martxoaren 21ean zabaldu zuen bideoa. “Mutrikuarrok oso ondo erantzuten ari gara emandako aginduen aurrean. Oro har, herritarrok zintzo ari gara betetzen goitik datozen aginduak”. Osasun krisia modu zuzenean pairatzen ari diren herritarrak asko direla esan eta guztiaren aurretik osasun pertsonala dagoela dio. “Herritar moduan osasuna jarri dugu aurretik, eta hori oso ondo dagoela iruditzen zait. Elkar laguntzen ari gara, eta hori ikustea poztekoa da”.
Mutrikuko Udaletik osasun krisi honek utziko dituen ondorioei aurre egiteko moduak aztertzen ari direla dio Palenzuelak. “Laguntzak goitik ere etorriko dira, baina guk ere asmatu beharko dugu”. Udalak ere laguntzak bideratuko dituela dio, bai pertsonentzako eta baita ere negozioentzako.
Arrisku taldean dauden herritarrak ere herritar guztien artean zaintzeko eskaria egin du Palenzuelak. “Besteen beharra duten horiei eman diezaiogun laguntza. Horiek guztiak zaintzea denon ardura da. Denok gara mutrikuarrak, eta mutrikuarrak zaindu behar ditugu. Lagundu, lagundu luzeak izango diren egun hauek
Bestalde, Ibaibarriagak beharrizan bereziak dituzten herritarrei laguntzeko sortu den boluntario sarera gehitzeko dei egin die laguntza emateko moduan dauden gainerako herritarrei. “Egoera honetan ez da inor laguntza barik geratuko. Egoera momentu oro aldatzen da, eta horra egokitzeko udalak ere neurri berriak hartzen ditu”.
Egoera “gogorra” dela dio Ibaibarriagak, baina lasaitasunez jokatuz eta elkarren arteko batasunagaz gainditu ahalko dela esan du. “Animoak gaixorik zaudetenoi, herriko merkatari zein ostalariei, eta egoera honek kaltetu dituen gainerakoei. Ezin ahaztu indarkeria matxista jasateko arrisku egoera daudenekin. Animo guztioi! Egoera honi guztiok batera emango diogu buelta”.