Zentro batzuk izendatu dituzte arnas sintomak dituzten pertsonentzat
Lekeitio eta Ondarroa dira Lea-Artibaiko erreferentziazko zentroak. Asistentziaren berrantolaketa horren ondorioz, inguruko kontsultak aldi baterako itxiko dira.
Arnas sintomak dituzten pertsonak artatzeko berariazko osasun zentroak ditu Osakidetzak gaurtik [martxoak 30] aurrera Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba osoan. Gasteizen eta Barrualde-Galdakao ESIan COVID-19ren aurrean asistentzia hobetzeko eta pazienteen eta profesionalen segurtasuna indartzeko aste batzuk lehenago hasitako zonakatzea herrialde osora zabaldu dute.
Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak jakitera eman duenez, alde batetik, arnasketa-sintomekin zerikusia duen guztia berariaz prestatutako zentro zehatzetan zentralizatu nahi dute. Eta, bestetik, herritarrei segurtasun handiagoa ematea. “Zentro horietan zirkuitu definituak dituzte, arnas sintomak dituzten pertsonek gainerakoak kutsa ez ditzaten”.
Azpimarratu dutenez norbaitek arnas sintomak baditu —eztula, sukarra, eztarriko mina edo arnasa hartzeko zailtasuna—, bere ohiko osasun zentrora deitu behar du, eta handik, beharrezkoa balitz, ezarritako erreferentziazko zentroetara bideratu dute. Barrualde-Galdakao ESIan daude Lekeitioko eta Ondarroako erreferentziazko zentroak, Basauri, Galdakao, Amorebieta, Durango, Amurrio eta Laudiogaz batera.
Asistentziaren berrantolaketa horrek kontsultategi periferiko gehienak aldi baterako itxi behar izatea dakar, bertako profesionalek eremu bakoitzeko zentroetan laguntza eman dezaten. Asteburuetan, etengabeko arretako guneen (EAG) ohiko zerbitzuak indartuko direla esan du, “aurrez aurre, etxean eta telefonoz artatzeko, gehienbat bere burua eskaini duten profesionalei esker”.