Lekeitioko Udalak 50 ohe jarri ditu Gurutze Gorriaren eskura
Oheak gehien behar dituzten lekuan erabiliko dituzte Gurutze Gorrikoek.
Lekeitioko Udalak 50 ohe erosi eta Gurutze Gorriaren esku jarri ditu Covid-19aren aurrean egon daitezkeen premiei erantzuteko. Oheen beharra zeukatela jakinarazi zioten Lekeitioko Udalari, eta eskariari berehalako erantzuna eman dio udalak.
Koldo Goitia Lekeitioko alkateak azaldu duenez, gaitza izan da eurek behar zituzten bezalako oheak lortzea. Hala ere, hornitzaile bat aurkitu dute, eta 50 ohe eskuratu dituzte. Ohe horiek ez dira izango Lekeitiorako, gehien behar dituzten lekuan eta behar dutenean erabiliko dituzte Gurutze Gorrikoek. “Edozein larrialditan erabiltzeko edota egoera sozialak laguntzeko “, zehaztu du alkateak. Horrela, Gurutze Gorriak Bilbon daukan egoitza nagusira bideratuko dituzte oheak. “Egin genezakeen gutxienekoa zela pentsatu genuen”.
Koronabirusaren krisiaren aurrean Gurutze Gorriak bere funtsezko programei eutsi, eta bere jarduera areagotu du COVID-19ren aurrean herritar guztiei eta batez ere zaurgarrienak diren pertsonei laguntzeko, administrazio publikoekin koordinatuta eta horiekin elkarlanean: aterpetxeak etxerik ez dutenetzat, janari banaketa, telefonoko arreta… Lea-Artibaiko erakundeekin ere elkarlanean ari dira, eta Lekeition bulego bat ere zabaldu dute.