Ondarroako Udalak #OndarruNeureBalkoitxik egitasmoa ipini du martxan
Konfinamenduak dirauen bitartean herritar guztiek herriko txokoen argazkiak ikusteko aukera edukitzea da asmoa. Ateratako argazkiak sare sozialetara igo beharko dira #OndarruNeureBalkoitxik traolagaz.
Oraindik ere konfinamenduak gutxienez beste bi aste iraungo dituela eta, Ondarroako Udalak herritar guztiek herriko txokoak argazkian bada ere ikusteko aukera eskaini nahi du. Horretarako, herritarrei dinamika bat proposatu die: etxetik ikusten duten herriko txokoen argazkiak atera eta horiek sare sozialetara igotzea. “Horrela, herritar guztiek herri guztiko txokoak ikusi ahalko dituzte nahiz eta etxean egon”.
Esan dutenez, etxe batzuetatik balkoiak ikusiko dira, besteetatik teilatuak, eta besteetatik itsasoa, mendia edo ibaia. “Baina horixe da asmoa, Ondarroako ahalik eta txoko gehienak argazkietan jasotzea!”. Ateratako argazkiak FaceBook, Instagram edo Twitter sare sozialetara igo beharko dira #OndarruNeureBalkoitxik traolagaz. “Atera argazkiak eta etxe barrutik ere gozatu dezagun gure herriaz!”.
Argazkia telefono mugikorra horizontalean ipinita ateratzeko eta zoomik ez erabiltzeko gomendatu dute.