Ondarroako Udalak jakinarazi du Alamedan dauden udal bulegoen sarrerako makinatik organikoa birziklatzeko poltsa organikoak eskuratu ditzazketela herritarrek, “baina neurri bereziekin”. Poltsak 09:00etatik 14:00etara jaso ahalko dira, baina horretarako makinaren parean eskuragarri egongo diren eskularruak erabili beharko dira, “makinagaz kontaktu zuzenik ez edukitzeko”.
Esan dutenez, prozedura ohikoa izango da, “baina segurtasun neurriak mantentzea inoiz baino garrantzitsuagoa izango da”. Horregatik, poltsak ateratzen pertsona bakarra egon beharko da, eta besteren bat agertuz gero, bigarren horrek atearen kanpoaldean egon beharko du zain.
Udal Erregistro Orokorrak itxita egoten jarraituko duenez, gune horretara bakarrik poltsak hartzeko sartu ahalko dira herritarrak. Udal Erregistro Orokorrarekin harremanetan jartzeko 94-683 36 72 telefono zenbakira deitu edo orokorra@ondarroa.eus helbidera posta elektronikoa bidali beharko da.